Politika -
Auzitegi Gorena
'Bateragune auzia'ren epaiketa errepikatzeko eskatu du Fiskaltzak
Auzipetuek epaiketa justurik izan ez zutela ebatzi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta zigorrak baliogabetu zituen Gorenak. Baina, Voxek helegitea jarri zuen epaiketa errepikatzeko eskatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia 'Bateragune auzia'gatik berriro epaitu dezala eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenari. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliorik gabe utzi zuen 'Bateragune auzi'ko epaia, auzipetuek epaiketa justurik izan ez zutela ondorioztatuta, eta Gorenak zigorrak bertan behera utzi zituen duela zenbait hilabete.
Alabaina, Voxek helegitea aurkeztu zuen zigorrak indargabetzeko Gorenak eman zuen autoaren aurrean, epaimahai berri bat osatzeko eta auzipetuak berriro epaitzeko galdeginez, eta Fiskaltzak bere egin du eskaera hori, Santiago Abascal buruzagi ultraeskuindarrak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi duenez.
Iñigo Iruin defentsako abokatuaren ustez, Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren erabakia "ezohikoa" da, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza epaiketa errepikatzearen kontra azaldu baitzen. Horrez gain, Gorenak berak ebatzi zuen pertsona bat ezin dela bi aldiz epaitu delitu beragatik. Hori horrela, espero du azkenean Auzitegi Nazionalaren irizpidea ezartzea.
Akusatuek osorik bete zuten zigorra
ETAko kide izatea egotzita, Auzitegi Nazionalak 10 urteko kartzela-zigorra eta beste 10 urteko inhabilitazioa ezarri zien Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatu buruzagi ohiari. Miren Zabaletari, Sonia Jacintori eta Arkaitz Rodriguezi, berriz, zortzina urteko espetxealdia ezarri zien.
Auzitegi Gorenak sei urte eta erdira jaitsi zituen eskaera horiek eta Auzitegi Konstituzionalak erabakia berretsi zuen gero. Alabaina, auzipetuek Estrasburgora jo zuten eta azkenean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman zien: Angela Murillo epailea inpartziala ez zela izan ebatzi baitzuen. Ordurako, baina, kartzela-zigorrak osorik bete zituzten bostek.