Politika -

Mobilizazioak

Sarek herriz herri egingo ditu presoen aldeko manifestazioak urtarrilaren 9an

Bidea Gara lelopean, "ez ditugu bakarrik Bilboko kaleak berriro beteko, Euskal Herri osokoak baizik", adierazi dute Sare Herritarreko bozeramaileek.

Sare Herritarreko kideak Bilbon. Argazkia: EFE
Sare Herritarreko kideak Bilbon. Argazkia: EFE
Sare Herritarreko kideak Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren pandemiak eraginda, euskal presoen eskubideen aldeko urtarrileko manifestazio nagusiaren formatua aldatuko dutela iragarri du Sare Herritarrak. Horrela, aurten Euskal Herriko herri guztietan egingo dituzte mobilizazioak.

Bilboko udaletxearen aurrean agerraldia egin dute kolektiboko bozeramaileek, besteak beste, Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohiak. Urtarrilaren 9rako manifestazioak deitu dituzte, 17:30etik aurrera, segurtasun neurriak errespetatuz, "toki irekietan bake, konponbide eta elkarbizitza aldarrikatu ahal izateko". "Ez ditugu bakarrik Bilboko kaleak berriro beteko, Euskal Herri osokoak baizik", adierazi dute.

"Presoak eta iheslariak etxera itzultzeko bide" bat aldarrikatu ondoren, urtarrilaren 9an, Bidea Gara lelopean, kaleak betetzeko deia egin dute.

Era berean, senideek presoak kartzeletan bisitatzeko orduan,"murrizketak, mugak eta oztopoak" jarri ditu pandemiak, deitoratu dutenez. "Aplikatzen ari diren sakabanaketa politikak egoera okertu du, nahiz eta dagoeneko desagertu den erakunde bateko presoak izan", gogorarazi du.

Testuinguru honetan, preso eta espetxe batzuen kasuetan "aldaketak" ematen ari direla aintzat hartu dute. Horrela, "zenbait kartzelatan isolamendua altxatu dute", baina "beste batzuetan lortzeke dago", onartu dutenez.

"Zenbait kartzelatan isolamendua altxatu dute"

"Gaixotasun larriak dituzten preso batzuen kasuan ere pausoak eman dira… baina eritasun larriak dituzten presoek oraindik espetxean jarraitzen dute", ohartarazi dute.

Nahiz eta preso batzuk Euskal Herrira hurbildu dituztela nabarmendu, ia "% 80a Andaluzia, Levante eta Galiziako" espetxeetan daudela gogorarazi dute. Horregatik, bozeramaileen hitzetan, "egiteko bide asko dute aurretik".

"Espetxe politikaren normalizazioa preso guztiak Euskal Herrian direnean gertatuko da. Bitartean, eman dituztenak pauso txikiak dira. 2018ko ekainean Espainiako Gobernuko presidenteak hartutako konpromisoa ez du bete", erantsi dutenez.

Azkenik, presoei aplikatzen zaien "salbuespen erregimenari amaiera ematea da bidezko konponbide" bakarra, defendatu dutenez. Aldi berean, hamarretik zortzi preso lehen graduan daude, eta horrek "sufrimendu eta atsekabe handiagoa" eragiten du, salatu dutenez.

Bestalde, Etxerat presoen senideek elkarteak ostiralean jakitera eman zuenez, Espainian zigorra betetzen ari diren 190 presoetatik 17 Euskal Herriko kartzeletan daude, gainerako % 49, 600 kilometro baino gehiagora, % 19, 400-600 kilometrora, eta % 32, 390 kilometro baino gutxiagora.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Espetxeak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea