Politika -

Auzitegi Nazionala

2013an erabiltzen zuen sakelako telefonoa emateko eskatu dio epaileak Fernandez Diazi

Luis Barcenas PPko diruzain ohiari egindako espioitzarekin lotutako mezurik igorri ote zuen egiaztatu nahi du 'Kitchen' auziko epaileak.

Jorge Fernandez Diaz Auzitegi Nazionalean sartu denean. Argazkia: EFE
Jorge Fernandez Diaz Auzitegi Nazionalean sartu denean.
Jorge Fernandez Diaz Auzitegi Nazionalean sartu denean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas Alderdi Popularreko diruzain ohiari egindako espioitzaren auziaren baitan, 2013an erabiltzen zuen sakelako telefonoa entregatzeko eskatu dio epaileak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministro ohiari.

Garai hartan bere ondokoa izan zen Francisco Martinezen arabera, Fernandez Diazek 'Kitchen' operazioarekin lotutako mezua bidali zizkion eta hori horrela izan zela egiaztatu nahi du epaileak.  

Fernandez Diazek eta Martinezek aurrez aurrekoa izan dute gaur Auzitegi Nazionalean. Martinezek berretsi egin du elkarri mezuak bidali zizkiotela. Barne ministro ohiak, berriz, berak mezurik bidali ez zuela eta Barcenas zelatatzeko operazioaren berririk inoiz ez zuela izan azpimarratu du.  

Bertsioak kontraesankorrak direla ikusita, epaileak ezinbestekotzat jo du Fernandez Diazen mugikorra berreskuratzea. Barne ministro ohia prest agertu da telefonoa emateko, baina haren abokatuak esan du dagoeneko ez duela eskura urte asko igaro direlako. Halaber, orain telefono berria dauka eta horren aurrekoa ere ez du epaitegira eraman.

Martinezek erakutsitako mezuak Fernandez Diazek bidali zituela baieztatuz gero, Barne ministro ohiak Barcenas espiatzeko operazioaren jakinaren gainean zegoela frogatuko litzateke.  

Fernandez Diazek joan den urriaren 30ean deklaratu zuen epailearen aurrean, baina orduan egungo telefonoa eman zion eta Francisco Martinezi igorritako mezuen erregistroa hutsik zeukan. Mugikorra apirilean aldatu zuela azaldu zion epaileari, eta honek zaharra ekartzeko eskatu zion.

Gauzak horrela, sakelako telefono hori ematen dionean berriro deklaratu beharko du Fernandez Diazek epailearen aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Barcenas auzia Politika PP Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Espioitza Politikoa