Politika -
Presoak
Ibon Fernandez Iradi presoak koronabirusa dauka
Lasarteko presoak esklerosi anizkoitza dauka lehendik eta bere ziegan bakartuta dago COVID-19aren sintomak dituelako. Sarek, EH Bilduk eta EH Baik aske utz dezatela eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sare herritarrak jakinarazi duenez, Lannemezango espetxean dagoen Ibon Fernandez Iradi presoak positibo eman du koronabirusa detektatzeko proban. Sintomak dauzka eta bere ziegan bakartu dute.
Sarek "kezka" adierazi du presoaren egoeraren inguruan, baita espetxe berean dauden "eta kutsatuak izan daitezkeen beste euskal presoekiko ere".
Aipatzekoa da lehendik esklerosi anizkoitza pairatzen duela eta joan den otsailean aske uzteko egin zuen eskaria atzera bota ziola Parisko Apelazio Auzitegiak. Bigarren aldia da gaixotasun larria duelako kartzelatik irtetea galarazten diotela; izan ere, lehendabiziko eskaria 2016an egin zuen.
Ohar baten bidez, Sarek Fernandez Iradi eta gaixotasun larriak dituzten euskal preso guztiak libre uzteko eskatu du beste behin, "espetxean jarraituz gero, haien biziak arriskuan daudelako".
Kasu honen harira, Sarek gogora ekarri du COVID-19aren pandemiaren harira gainerako presoentzat onartutako segurtasun neurriak ez dizkietela ETAko presoei aplikatzen. Horrela, bada, Lasarteko presoa kutsatu izana politika horren ondorio dela salatu du.
Fernandez Iradi eta gaixori dauden gainerako euskal presoak aske utz ditzatela exijitzeko, mobilizazioa egingo dute asteazken honetan Lasarten (19:00).
EH Bairen eta EH Bilduren eskaria Parisi
Bestalde, EH Baik eta EH Bilduk Ibon Fernandez Iradi libre uzteko eskatu diote Frantziako Gobernuari, "gaixotasun larria duela kontuan hartuta, aspalditik etxean" egon beharko lukeela azpimarratuta.
Horrez gain, gogoratu dute gaixotasun horrekin pertsona bat preso egotea onartezina dela ebatzi zutela Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Adierazpen hura EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Podemosek babestu zuten.
Halaber, "Parisko Kasazio Auzitegiak preso horren kartzela-zigorra etetea erabaki zuen, baina Apelazio Auzitegia eta Fiskaltzak trabak jartzen ari dira", salatu dute.