Politika -
Nafarroa
Chiviteren amaren etxea aurrean pintadak egin dituzte, Cintruenigon
Konkretuki, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien aurkako bi pintada agertu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearen amaren etxe aurrean pintadak egin dituztela salatu du PSNk. Foru Exekutiboak pandemiari aurre egiteko neurrien kontrako pintadak agertu dira.
Konkretuki, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien aurkako bi pintada azaldu dira. 'Ganbera madarikatuak zabaldu itzazue, aurreneko abisua', dio horietako batek, etxabe eta lokalak irekitzeko debekuari erreferentzia eginez. Pintada hori duela hilabete egin zuten. Bigarren pintada berria da:'Maria bigarren abisua', Foru Exekutiboko presidenteari zuzenduta.
"Gorrotoak ezin izango du askatasuna eta demokrazia defendatzeko batasuna hautsi", esan du Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak.
Bozeramaile sozialistaren hitzetan, "neurriak nafarren osasuna babesteko beharrezkoak dira, Gobernuaren eta gure alderdiaren lehentasuna".
"Pintada deitoragarriak irmo" gaitzetsi ditu Alzorrizek. Presidenteari eta alderdiko idazkari nagusiari "babes" osoa azaldu dio. PSNk "bere balioak eta printzipioak defendatzen jarraituko du, azken 140 urteetan egin bezala", azpimarratu duenez.
Gainera, Arrotxapea auzoan bart gertatutakoa errefusatu du Alzorrizek. "Mota horretako ekintzek ez dute lekurik izan behar gizarte demokratiko batean", adierazi du.
Era berean, PSOEk pintadak gaitzetsi ditu. "Gure alderdikide eta Nafarroako presidentearen aurkako pintada lotsagarriak", salatu ditu Alderdi Sozialistak, eta Chiviteri "babesa" azaldu dio. "Mehatxuak, gorrotoa eta intolerantzia baztertu behar ditugu gizarte demokratiko batean", nabarmendu du PSOEk.