Politika -
AEB-KO HAUTEKUNDEAK
Bidenen garaipenarekin "harreman transatlantikoak indartzea" espero du Urkulluk
Zoriondu egin du lehendakariak AEBko presidente hautatu berria. "Euskadiren interesak Estatu Batuetan defendatzeko" lanean jarraituko duela esan du.
EITB.EUS
Iñigo Urkullu lehendakariak zorion-mezua igorri dio Joe Biden AEBko presidente aukeratu berriari, sare sozialen bidez, eta bi herrien arteko "harremanak sendotzeko eta Euskariren interesak defendatzeko" lanean jarraituko duela adierazi du.
Hainbat estatutan boto-zenbaketa oraindik amaitu ez bada ere, Pensilvanian garaipena baieztatu ondoren, atzo arratsaldean, jakin zen presidentetza eskuratu zuela hautagai demokratak.
"Etapa berri bat hasten da. Etapa honetan harreman transatlantikoak eta aldeaniztasuna indartzea espero dugu", esan du Urkulluk bere zorion-mezuan.
CNN, NBC News, ABC eta Associated Pressen kalkuluen arabera, Bidenek lortu ditu jada presidente izateko beharrezkoak diren 270 botoak Pennsylvaniako estatuari zegozkion 20 botoak eta Nevadako 6ak eskuratu ondoren. Han irabazita, Bidenek 290 boto izango ditu, eta Donald Trump egungo presidenteak 214.
Oraindik Alaska, Georgia eta Ipar Karolina estatuetako bozketen azken emaitzen zain dira eta lehen hiruetan ere Biden doa buru. Zenbaketak aurrera jarraitzen du, beraz.
Bidenek 77 urte ditu eta AEBko presidenteorde ohia izan zen Barack Obamaren agindupean. Datorren urteko urtarrilaren 20an hartuko du kargua AEBko 46. presidentea izango denak.
Publiko egin duen lehen mezuan, eskerrak eman dizkie estatubatuarrei Bidenek eta "herritar guztiak, demokratak zein errepublikarrak" kontuan izango dituela esan du.
"Amerika, ohore handia da gure herrialde handia gidatzeko aukeratu izana. Aurrean dugun lana gogorra izango da, baina hau agintzen dizuet: estatubatuar guztien presidente izango naiz, nire alde bozkatu edo ez. Nigan jarri duzuen fedearen maila emango dut", idatzi du Twitterren duen kontuan.