Politika -
KORONABIRUSA
"Inbertsio publikoen norabidea aldatzeko ordua" dela esan du Sortuk
Alderdi subiranistaren hitzetan, "obra faraonikotan dirua inbertitu beharrean, zerbitzu publikoak indartu behar dira".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19aren pandemia eragiten ari den kalte humanoen eta ekonomikoen aurrean, "elite ekonomikoen interesak" alde batera utzi eta zerbitzu publikoen norabidea aldatzeko ordua dela uste du Sortu alderdiak. Horregatik, beharrezkoa jotzen du "justizia sozialaren aldeko mobilizazioak" areagotzea.
'Non dago diru publikoa?' goiburupean, mobilizazioak egin dituzte, gaur, Euskal Herriko hainbat tokitan, tartean, Donostian. Bertan, Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko kideak hedabideen aurrean esan duenez, "komunitea eta jendartea jarri behar dira edozein erabaki ekonomiko edo politikoaren erdian".
Pandemiaren aurrean erakundeak hartzen ari diren erabakiekin, kezkatuta agertu da Gil de San Vicente. Horregatik, berandu baino lehen "inbertsio publikoen norabidea aldtzeko ordua" dela uste du. "Politika fiskal ausartak ezarri behar dira", eta "interes kapitalistak alde batera utzi". "Obra faraonikotan dirua inbertitu beharrean, zerbitzu publikoak indartu" behar direla azpimarratu du.
"Pandemiak kaltetutakoei estaldura soziala emateko inbertsioak eskatzen ditugu, eta horrekin batera, enplegu politika eraginkor bat beharrezkoa da", gaineratu du.