Politika -
Presoak
"Zerbait mugitzen ari da, baina ez behar bezain beste", Etxeraten iritziz
Estremerako (Madril), Sevillako eta Kordobako kartzeletan zeuden presoak isolamendutik atera dituztela iragarri du elkarteak; Huelvakoak eta Soto del Realekoak, ez. "Ausardia" eskatu dio Sanchezi.
EITB.EUS
Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak aitortu duenez, azkenaldian "zerbait mugitzen ari da" presoei ezarritako urruntze eta gainerako salbuespen neurrien kontura, baina azpimarratu du mugimendu hori ez dela egin "behar bezain beste, ezta behar den ausardiarekin ere". Hala, Espainiako Gobernuari espetxe politikan "ausardia" eskatu diote.
"Urruntzearekin amaitzeko garaia da, ez da distantzia erdira edo herenera hurbiltzeko garaia, Zaballara eramateko garaia da", azpimarratu du Etxeratek.
Elkarteak ohar batean azaldu duenez, hainbat preso Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara lekualdatu dituzte, eta beste zenbait isolamendu unitateetatik atera dituzte. "Duela gutxi, Estremera, Sevilla eta Kordobako presoek Erregimen Itxiko Unitate Bereziak (isolamendua) utzi eta gainerako presoekin moduluetara pasatu dituzte. Hala ere, isolamendutik atera diren preso hauek lehenengo graduan daude. Isolamendua, ordea, indarrean dago Huelvako eta Soto del Realeko espetxeetan", salatu du.
Horrez gain, kartzela gutxi batzuetan taldekatzeak egin dituztela iragarri du Etxeratek. Hala nola, A Laman, Jaenen, Sevillan (preso bat kenduta beste guztiak modulu berean jarrita ), Puerto IIIn (bi modulutan daude orain preso gehienak, baina bat bakarrik utzi dute beste batean).
Dena dela, "espetxe gehienetan presoak oraindik ere sakabanatuta" daudela gogorarazi du Etxeratek. Horren adibide da, elkartearen esanetan, "Kordobako espetxea, presoak isolamendutik atera ondoren bi modulutan bereizi baitituzte, eta egoera berean daude ere Puerto I-n, Granadan, Murtzia II-n, Villenan, Castello I-n eta Castello II-n, Zueran, Soto del Realen, Dueñasen eta Mansillan".
Emakumezko presoei dagokienez, Etxeratek salatu du "askok urteak" daramatzatela kartzela urrunetan "bakarrik, kiderik gabe", eta hainbat adibide jarri ditu: Algeciras, Almeria, Huelva, Kordoba, Granada eta Teixeiro. Gizonezko batzuei ere gertatzen zaie gauza bera honako espetxeetan: Caceres, Badajoz, Valdemoro, Fontcalent, Teruel eta Ocaña I, eta laster, Murtzia I espetxean gertatuko da.