Politika -
Ustelkeria
Juan Carlos I.aren aurkako beste ikerketa bat abiatu du Auzitegi Goreneko Fiskaltzak
Jatorri ezezaguneko kreditu txartelak erabiltzeagatik ikertzen ari dira Juan Carlos I eta Sofia Espainiako errege-erregina ohiak, baita haien hainbat senide ere, eldiario.es-ek jakinarazi duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak bere gain hartu du Juan Carlos I Espainiako errege emerituari buruz Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak abiarazi duen ikerketa berria.
Eldiario.es agerkari digitalak gaur argitaratu duenez, Juan Carlos I.az gain, Sofia erregina emeritua eta haien beste hainbat senide ere badaude ikerketapean, euren izenean ez dauden kreditu txartelak erabiltzeagatik.
Komunikabide horren arabera, 2016an, 2017an eta 2018an egin zituzten ordainketa txartel horiekin, hau da, Juan Carlos I.ak abdikatu ostean. Horrenbestez, ustezko delituak erregeak bortxaezintasuna galdu eta gero egin ziren eta, ondorioz, posible da Juan Carlos I.a auzipetzea eta epaitzea.
120.000 eurotik gorako gastua egin zutela eta deklaratu gabeko dirua omen denez, delitu fiskala egotzi diezaiekete.
Dolores Delgado Estatuko fiskalburuak astearte honetan agindu dio Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari auzia Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren esku utz dezala, "ikerketarekin azkeneraino jarrai dezan".
Espainiako errege emerituari buruz bere gain hartzen duen bigarren auzia da; izan ere, joan den ekainean, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak beste ikerketa bat jarri zuen abian, legez kanpoko komisioak kobratzea eta dirua paradisu fiskaletan gordetzea egotzita.
Edonola ere, litekeena da auzi hori Juan Carlos I.aren kontrako prozesu judizial penala abiatu gabe artxibatzea.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaka Espainiako Gobernuko Barne ministroak gai horri buruz hitz egitea saihestu du eta botereen arteko banaketa eta Fiskaltzaren ikerketa "errespetatzeko" eskatu du.
Halaber, egungo erregea Felipe VI.ena dela gogoratu eta haren lana goraipatu du.