Politika -

Memoriaren eguna

Kohesiorako tresna den memoria baten alde egin du Eusko Jaurlaritzak

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Memoriaren Egunerako kanpaina aurkeztu du. Aurten, "Atzera begiratu aurrera jarraitzeko" izango da leloa.

Ezenarro, Artolazabal eta Rodriguez, aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Ezenarro, Artolazabal eta Rodriguez, aurkezpenean
Ezenarro, Artolazabal eta Rodriguez, aurkezpenean. Argazkia: Irekia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Atzera begiratu aurrera jarraitzeko" lelopean, azaroaren 10ean ospatuko du Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Eguna, aurten, ezinbestean, COVID-19aren pandemiak markatuta.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu du aurtengo kanpaina, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariarekin batera.

Artolazabalek nabarmendu duenez, "iraganari begiratzeak, nagusiki eta batez ere, begirada berria dakar, beste modu batera begiratzea; begirada kritikoa, inklusiboa, irekia, ausarta, gizatiarra, konstruktiboa eta etikoa".

Sailburuaren hitzetan, "memoriak ez du jaurtitzeko arma izan behar, kohesiorako tresna baizik, ez banaketarako. Begi kritikoekin eta autokritikoekin begiratu behar da, gorrotorik gabe, erresuminik gabe, mendekurik gabe. Baliteke diagnostikoa ez partekatzea, baina indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen bidegabekeriaren balorazio kritikoa parteka dezakegu eta partekatu behar dugu".

Etorkizunean giza eskubideen urraketarik ez egoteko eta bizikidetza adiskidetuaren oinarriak sendotzeko, Artolazabal sailburuak esan du "memoriaren politika partekatua" ez dela Jaurlaritzaren erronka bat bakarrik, "herrialde-erronka" baizik.

Gazteria heztea, gako

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak iragarri du, bestalde, Memoria Eguneko ekitaldi nagusia azaroaren 10ean izango dela, Gogoraren egoitzan, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izango dela bertako buru.

Rodriguez Ranzek azaldu duenez, aurtengo kanpainaren helburuetako bat gazteriarengana heltzea da. Izan ere, haren ustez, "guztiok dugu gazteei iraganari begiratzen laguntzeko ardura". Hori horrela, gogorarazi du Gogoraren "lehentasunezko ardatzetako bat" ere badela eta, hori dela eta, Institutuak hezkuntza-eragileekin batera lan egiten duela. "Esparru horretan, proiektuak egin ditugu, besteak beste, Adi-adian edo Memoria Plaza programak; haien bidez, 30.000 euskal gaztek baino gehiagok aurrez aurre ezagutu dituzte biktimen lekukotzak, eta horretarako prestatutako materialekin lan egin dute", adierazi du.

Sailburuaren iritziz, "pertsonaren duintasunaren eta bortxaezintasunaren balioak, errespetua, giza eskubideen defentsa eta sustapena eta indarkeriaren bidegabekeriari zilegitasuna erabat kentzea oinarri dituen euskal gazteria, zalantzarik gabe, etorkizuneko Euskadi adiskidetuarentzako eta bakean bizi den eta giza garapen jasangarriarekin konpromisoa duen Euskadirentzako aktibo garrantzitsuena da". 

COVID-19ak baldintzatuta

Koronabirusaren egungo testuinguruak ez du aukerarik ematen aurrez aurreko taldeko dinamikak egiteko, aurreko urteetan Gogora Institutuak sustatu dituenak bezalakoak. Hori dela eta, eta Aintzane Ezenarro Institutuko zuzendariak azaldu duenez, webgunea gaitu da, eta bertatik ikusaraz eta deskarga daiteke aurtengo kanpainaren materiala. Kanpainako materialaren artean, nabarmentzekoa da ekimen horietan parte hartu duten gazteen ahotsak batzen dituen bideoa; bertan agerian uzten da memoriaren transmisioan eragiteko beharra.

Aintzane Ezenarrok nabarmendu du nolako garrantzia duen biktimek oroipen-ekitaldietan parte hartzeak. Aurten, COVID-19a dela eta, ekitaldia Irekia orrialdean streaming bidez jarraitzeko aukera dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Koronabirusa Gogora Institutuaren proiektuak