Politika -
Eusko Legebiltzarra
Andoni Aldekoa aukeratu dute EITBko zuzendari nagusi
Orain arte Bilboko Euskalduna Jauregiko zuzendari izandakoak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu; oposizioak kontra bozkatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Andoni Aldekoa gehiengo osoz aukeratu du EITBko zuzendari nagusi. Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeek (EAJ eta PSE-EE) alde bozkatu dute, eta oposizioak, kontra.
Hain justu, Aldekoa proposatu zuten kargurako jeltzaleek eta sozialistek. Aldekoak Maite Iturberen, 2013tik EITBren zuzenari denaren, lekua hartuko du.
EiTBren zuzendari nagusi berria kazetaria da lanbidez, eta Radio Euskadin, Radio Vitorian eta ETBn egin zuen lan, besteak beste. Gaur egun, Bilboko Euskalduna Jauregia zuzentzen du 2017ko otsailetik, 2015eko urritik urte horretara arte Iñigo Urkullu lehendakariaren Komunikazio aholkularia izan ondoren.
Aurretik, erantzukizuneko lanpostuak bete zituen 16 urtez Bilboko Udalean, arlo ekonomikoari, politikoari eta komunikazio instituzionalari lotuta. Denbora horretan, Iñaki Azkuna (EAJ) alkatearen kabineteko zuzendaria izan zen.
Kazetaritzan lizentziatua, gerentzia politikoan, plangintza estrategikoan eta komunikazio politikoan espezializatu da.
EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP +Cs eta Vox taldeek kontra bozkatu eta erakunde publikoaren zuzendaria aukeratzeko prozedura kritikatu dute.
Taldeen adierazpenak
Eztabaidan, Joseba Diez Antxutegi EAJko legebiltzarkideak deitoratu du oposizioak Aldekoaren izendapena kritikatzea "hautatua izan baino lehen". Horrez gain, salatu du zalantzan jartzea EAJren kide batek erakunde publiko bat kudeatzeko duen "eskubidea".
Miren Gallastegiren (PSE-EE) ustez, "konfiantzazko botoa" eman behar zaio Aldekoari kudeaketan duen eskarmentua "egokia" izan baitaiteke EiTBk dituen erronketarako. Gogorarazi duenez, zuzendari nagusia izendatzeko erabiltzen den sistema erakunde publikoaren funtzionamendua arautzen duen legearen araberakoa da.
Oposizioa kritiko azaldu da oso. Jasone Agirre EH Bilduren legebiltzarkideak salatu du Aldekoak ez duela "goi mailako titulurik" eta euskaraz ote dakien ere ez dela zabaldu. Horrez gain, uste du zaila izango dela EAJko kide bat, lehendakariaren aholkulari izandako bat, "independentea" izatea EiTB zuzentzeko.
David Soto Elkarrekin Podemos-IUko kideak ez ditu zalantzan jarri zuzendari berriaren "merituak", baina, ordea, hura aukeratzeko modua. Hala, mota horretako kargu bat izendatzeko lehiaketa publikoan oinarritutako prozesu bat proposatu du.
PP+Cs-ren izenean hitz egin duen Luis Gordillok esan du "agerikoa" dela Aldekoaren kasuan ezin dela "independentziaz" jardun. Gordillok nabarmendu duenez, EiTBko zuzendaria aukeratzeko prozesua lehiaketa publiko bidez egin beharko litzakete.
Azkenik, Amaia Martinezek (Vox) salatu du EiTB "politikoki kontrolatzeko maila lotsagarria" dela.