Politika -

Koronabirusa

Alarma-egoera maiatza arte luzatuko da, eta Sanchezek azalpenak emango ditu bi hilero

Espainiako Gobernuak eta ERCk akordioa egin dute: Pedro Sanchezek agerraldiak egingo ditu bi hilean behin eta independentistek alarma-egoera sei hilabetez luzatzea babestuko dute.

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias Kongresuan.
Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusagatik ezarritako alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9a arte luzatzeko botoak bermatuta dauzka Espainiako Gobernuak, baina babes horien truke Pedro Sanchezek pandemiaren bilakaerari buruzko azalpenak eman beharko ditu bi hilabetero Kongresuan.  

Alderdi Sozialista talde parlamentarioekin negoziatzen aritu da egunotan eta azkenean ERCren proposamena onartuko du.

Adriana Lastra talde sozialistaren bozeramaileak aukera ezberdinak izan ditu mahai gainean: Sanchezek azalpenak bi astean behin ematea nahi zuen Alderdi Popularrak; Ciudadanosek, Mas Paisek eta Compromisek, hilean behin; eta ERCk, bi hilean behin. EH Bilduk eta JxCatek ERCrekin bat egin dute.

PSOEk eta Unidas Podemosek ERCren proposamena onartuko dute osteguneko bozketan. Horrela, bada, alarma-egoeraren luzapena sei hilabetekoa izango da eta Sanchezek bi hilabetero joan beharko du Kongresura pandemiari aurre egiteko neurrien eraginkortasunaz azalpenak ematera.  

PPk aurreratu du abstenitu egingo dela ostegun honetako bozketan eta iragarri du Europako Kontseilura joko duela PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuak "botereen arteko banaketa urratzen" ari direla salatzeko.  

Kongresuko azalpenak Salvador Illa Osasun ministroak eman zitzala nahi zuen Espainiako Gobernuak, baina oposizioko talde guztiek baztertu zuten aukera hori.  

Testuinguru horretan, eta gehiengoaren babesik gabe geratzeko arriskuaz jabetuta, PSOE Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten taldeekin negoziatzen hasi zen, Espainiako Gobernuko presidentearen agerraldiak nolakoak izan behar ziren adostu nahian.  

Sanchezek bi hilabetero emango ditu azalpenak. Pandemiaren lehen olatuan, martxoa eta ekaina bitartean indarrean izan alarma-egoeran, bi astean behin joan zen Kongresura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Eguneko albisteak