Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarrak legebiltzarkide kopurua murriztu du osoko bilkuretan
Osoko bilkurara bertaratzen ez diren legebiltzarkideek beren legebiltzar-taldeko beste pertsona baten esku utzi beharko dute botoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak osoko bilkuren edukiera murriztea erabaki du, pandemiaren egungo egoera dela eta. Horrela, talde parlamentarioak murriztuagoak izango dira eta beren legebiltzarkide-kopuruaren araberako ordezkaritza izango dute.
Legebiltzarreko gobernu-organoak erabaki duenez, osoko bilkuretara hauek joango dira: EAJko 15 kide (guztira 31 ditu), EH Bilduko 10 kide (21 ditu), PSEko 5 kide (10 ditu), Elkarrekin Podemos-IUko 3 kide (6 ditu), PP+Csko 3 kide (6 ditu) eta Talde Mistoko kide bat.
Talde bakoitzak erabakiko du bilkuretara nortzuk bertaratuko diren, eta Mahaiko bost kideak eta legelari nagusia ere izango dira bertan.
Bertaratzen ez diren legebiltzarkideek nahi duten taldeko pertsonaren esku utziko dute botoa. Unean-unean, talde bakoitzeko legebiltzarkideen kopurua nahikoa ez bada beren jarrera eztabaidetan defendatzeko, botoa taldekide baten esku utzi duen legebiltzarkideak esku hartu ahal izango du.
Neurri gehiago
Legebiltzarkideek hitza hartzen dutenean maskara nahitaez erabili behar izatea erabaki du Legebiltzarreko Mahaiak, eta osoko bilkuretan aretoa aireztatzea. Gonbidatuen eta komunikabideen kopurua ere murriztuko da bigarren solairuan (16 pertsona) eta hirugarrenean (21 pertsona).