Politika -
Koronabirusa
Konfinamendua saihesteko "diziplina soziala" eta "batasuna" eskatu ditu Sanchezek
Osasun krisia hasi zenetik Estatuan hiru milioi pertsona kutsatu direla aitortu du Espainiako gobernuburuak, nahiz eta estatistika ofizialek milioi bateko kopurua eman.
Agentziak | Erredakzioa
Bigarren konfinamendua saihesteko bideak "diziplina soziala" eta "batasuna" direla azpimarratu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. "Beharrezkoa den edozein neurri" hartzeko prest agertu da, alarma egoerari erreferentzia eginez, "aste eta hilabete oso gogorrak" datozelako.
Adierazpen instituzionala irakurtzeko agerraldia egin du Sanchezek Moncloa jauregian. Alderdien eta erakundeen arteko “batasun handiena” bultzatzen saiatuko dela agindu du buruzagiak, bigarren olatuari aurre egiteko.
“Pandemiaren aurrean batasuna erresistentzia gakoa da”, esan du Espainiako gobernuburuak. Bestalde, osasun krisia hasi zenetik Estatuan hiru milioi pertsona kutsatu direla aitortu du Sanchezek, nahiz eta estatistika ofizialek milioi bateko kopurua eman.
Espainia martxoaren 14an baino hobeto prestaturik dagoela adierazi du Sanchezek. Hala ere, egoera “larria” dela onartu du. “Ausardiarekin, diziplina sozialarekin eta ezinbesteko zein beharrezko batasunarekin” jokatu behar dela nabarmendu du.
Neurririk iragarri gabe, “osasun publikoaren babesa, neurrien ondorio ekonomiko eta sozial txikiak eta Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunen bermearen arteko oreka bilatu” behar dela uste du Sanchezek.
“Argiago esanda: positiboak gelditzeko beharrezko neurriak hartu behar ditugu kalte ekonomiko txikiena eraginez eta askatasun pertsonalak ahalik eta gutxien mugatuz. Eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko prest gaude”, ohartarazi du alarma egoera ezartzeko aukerari erreferentzia eginez.
Osasun Ministerioak eta erkidegoek ezarritako larrialdi maila ezberdinei dagokionez, lurralde bat maila larrienera heltzen denean, 4. mailara, alegia, salbuespeneko neurriak hartzea beharrezkoa izango da, baita “alerta egoera aktibatzeko aukera” ere, Sanchezek ziurtatu duenez.
Mugikortasuna, bilera sozialak eta familiarrak zein gaueko aisialdia ahalik eta gehien mugatzeko beharra azpimarratu du agintariak, infekzio foku nagusiak direlako: “ez dago beste irtenbiderik. Ez dago beste aukerarik”.