Politika -

Koronabirusa

Alarma egoera ezartzeko eskatu diote Urkulluk eta Chivitek Sanchezi

Alarma egoeraren kudeaketa erkidegoen esku uzteko eskatu dute EAEko eta Nafarroako buruzagiek.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua.
Iñigo Urkulluren agerraldi osoa

33:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu osoan alarma egoera ezartzea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Alarma egoera 15 egunez egongo litzateke indarrean eta haren kudeaketa autonomia erkidegoen esku egongo litzateke, Estatuarekin koordinatuta.

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du ostiral honetan, Lehendakaritzatik, alarma egoera eskatzeko erabakia zergatik hartu duen azaltzeko. Hasteko, azken egunetan detektatutako "kasu positiboen gorakada" aipatu du eta ondoren neurriak ezartzeko "ikuspuntu juridikotik Jaurlaritzak dituen mugak" azaldu ditu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo hartutako erabakiari aipu eginez: Jaurlaritzak sei pertsonatik gorako taldeak debekatzeko hartutako erabakia atzera bota zuen, oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta babes legalik ez duela iritzita.

Halaber, ohatarazi du datozen egunetan ere "kutsatzeen kopuruak goranzko joera" izango duela eta ezinbestekoa izango dela "neurri murriztaile zorrotzagoak" hartzea, eta horretarako derrigorrezkoa dela alarma egoera indarrea egotea.

Ildo horretan, Urkulluk baieztatu du litekeena dela Jaurlaritzak sei pertsonatik gorako topaketa debekatzea, "betiere familia unitate berekoak ez badira, noski". EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpanearen ondorioz, une honetan "gomendioa" baino ez da eta.

Jaurlaritzak har ditzakeen beste neurri batzuk hauek dira: gaueko aisialdia mugatzea –Urkulluk baztertu egin du etxeratze-agindua kontzeptua erabiltzea- edota egoera larrian dauden udalerrietara edo eskualdeetara soilik mugitatutako konfinamendu perimetralak ezartzea.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoa konfinatzeko aukera oraingoz mahai gainean ez dagoela azpimarratu du. "Lurralde jakin batentzat edo erkidego osoarentzat konfinamendua ezartzea litzateke azken aukera", erantsi du.

Halere, ez du baztertu aurki neurri gehiago hartzea, "zorrotzagoak eta sakonagoak", birusaren hedapena murriztu ahal izateko.

Horrez gain, Urkulluk nabarmendu du bere erabakiak Osasun Sailaren babesa duela, baita LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearena ere. Horrenbestez, alarma egoeraren eskaera ofizialki egingo du gaur bertan Jaurlaritzak "horren gaineko kudeaketa erkidegoak berak hartuta".

Bestalde, larunbatean (00:00etan) sartuko dira indarrean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu berri dituzten neurri murriztaile berriak.

EAEk 1.000 kutsatze baino gehiago atzeman ditu azken 24 orduetan; 1.207 guztira. Gainera, positiboen portzentajea % 7,7tik % 8,5era igo da (abuztutik izandako tasa altuena).

Nafarroak alarma egoera kudeatzea eskatu du

Bestalde, Maria Chivitek ez du alarma egoera ezartzeko eskaerarik egin, baina Espainiako Gobernuak indarrean jarriko balu, tresna horren kudeaketa Nafarroako Exekutiboaren esku utz dezala galdegin dio oharra bidalita.

Osasun arduradunek atzo Madrilen egindako bileran, Nafarroako Gobernuak azpimarratu zuen pandemiari aurre egiteko neurri zorrotzagoak ezarri nahi dituztela baina horretarako berme juridikoak behar dituztela.  

"Beti esan dugu horrelako neurri batek erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko adostasuna izan beharko lukeela", adierazi du Chivitek.

Halaber, alarma egoera Nafarroarentzat eta gainerako erkidegoentzat baliagarria izango dela espero du, "birusa gelditzeko ardura administrazio guztiena delako, eta erabakiak eraginkorrak izateko batera ibili behar dugulako".

Estatuko beste hainbat erkidegok ere eskatu diote Pedro Sanchezi alarma egoera ezartzea, hala nola Kataluniako, Astuarisko, Errioxako eta Extremadurako gobernuek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua argazkiak Pedro Sánchez albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea COVID olatu berria Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian?