Politika -
Espetxe Zuzendaritza
Beste bost euskal preso espetxez aldatuko dituzte, tartean Joseba Arregi Erostarbe
Arregi preso zaharrena da, konkretuki, 74 urte ditu, eta Martutenera ekarriko dute. Era berean, Ugaitz Perez, Alicia Saez de la Cuesta, Garikoitz Garcia eta Iñaki Armendariz hurbilduko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Beste bost euskal preso Euskal Herriratzea edo hurbiltzea erabaki du Espetxe Zuzendaritzak, besteak beste, Joseba Arregi Erostarbe Fiti. Bidarten (Lapurdi), 1992an, atxilotu zuten ETAren zuzendaritzako kidea izan zen Arregi, eta Donostiara ekarriko dute.
Fiti preso zaharrena da, konkretuki, 74 urte ditu, eta Asturiaseko espetxetik Martutenera ekarriko dute.
Bost espetxe aldaketa horiekin, dagoeneko 77 preso Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara hurbildu ditu Pedro Sanchezen Gobernuak. Gainera, beste 12 gradutik aldatu ditu Exekutiboak.
Espetxeetako iturrien arabera, Arregiz gain, beste lau preso hurbilduko dituzte: Ugaitz Perez Zorriketa (Castellotik Logroñora); Alicia Lucia Saez de la Cuesta Martinez de San Vicente (Castellotik Logroñora); Garikoitz Garcia Arrieta (Valentziatik Arabara) eta Iñaki Armendariz Izagirre (Ciudad Realetik Burgosera).
Bestalde, Ibon Etxezarreta Etxanizi hirugarren gradua eman diote. Zigorra Araban betetzen ari da.
Arregiren espetxe aldaketarekin "azken marra gorria gainditzea" leporatu dio Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Espainiako Gobernuari. "ETAko buruzagi krudela izan zen", salatu du. "Biktimek berriro desengainua hartu dute", erantsi du elkarteak.
AVTren arabera, Fiti, besteak beste, Zaragozako kuartelaren aurkako erasoaren eragilea izan zen. "Bizkarrean 15 hilketa baino gehiago dituela, espetxe politika berriak mesede egin eta bere etxera hurbiltzea", deitoratu du elkarteak.