Politika -
Botere Judizialaren erreforma
PPk negoziatu ezean, Sanchezek aurrera jarraituko du BJKNren erreformarekin
Pedro Sanchezek esan du bere proposamena erretiratzeko prest egongo litzatekeela, PPk blokeoa utziko balu eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko negoziatzeko prest agertuko balitz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren legea erreformatu nahi du, organo horretako bokalak gehiengo absolutuaren bidez Kongresuan aukeratu ahal izateko.
Pedro Sanchezek aukera hori aldarrikatu du berriz ere, baina prest agertu da proposamena erretiratzeko, Alderdi Popularrak blokeoaren estrategia uzten badu eta Botere Judizialaren berritzea negoziatzeko eta adosteko prest agertzen bada.
"PP Estatuaren bidera bueltatzen bada, zentzuz jokatzen hasten bada, Gobernua prest dago akordioa oraintxe bertan egiteko", azpimarratu du Sanchezek Bruselan egin duen agerraldian.
Horrez gain, ukatu egin du Europar Batasuneko agintariek azalpenak eskatu dizkiotela erreforma horren harira, epaileak aukeratzeko modua zalantzan jarrita.
Hala, Pablo Casadoren jokabidea salatu du, Espainiako Gobernuaren kontrako kritikak Europako erakundeetara eramateagatik. Estrategia hori arriskutsua dela esan du, "Espainiaren interesen aurka egiten duelako, eta ez Gobernuaren kontra".
Maria Jesus Montero eta Jose Luis Abalosek ere kritikatu dute PPren jarrera, Europar Batasunean gezurretan oinarritutako zalantzak zabalduta, Bruselarengandik jaso behar dituzten diru-laguntzak kolokan jartzen dituela ohartarazita.