Politika -
Presoak
Sarek manifestazioa deitu du Donostian salbuespenezko espetxe politikaren aurka
Antigua auzotik abiatu, eta Kontxako hondartzan amaituko da manifestazioa, mosaiko handi batekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sarek manifestazioa deitu du urriaren 24rako Donostian, "Resolution! Etxera!" lelopean, elkarbizitzaren eta ETAko presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politikaren aurka. Halaber, presoak Euskal Herrira gerturatzea eskatuko dute mobilizazio horretan. "Atxikimendu ideologiko eta alderdikoietatik kanpo" deitutako manifestazioa Antigua auzotik abiatu eta Kontxako hondartzan amaituko da, mosaiko handi batekin.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Joseba Azkarraga bozeramaileak azaldu du ekimen horren helburua dela Espainiako eta Frantziako estatuetan ETAko presoei aplikatzen zaien espetxe politikaren "salbuespen egoera" salatzea.
"Bizi dugun unea ere ezohikoa da, hainbeste sufrimendurekin bukatzeko eta atzerapausorik gabeko urrats sendoak emateko ordua baita", adierazi du.
Azkarraga itxaropentsu agertu da azkenaldian kartzeletan izan diren lekualdaketekin. "Argi dago senitartekoentzat ez dela gauza bera Algecirasera joatea edo bisitak Salamancan edo Estremeran izatea. Pauso horiekin, baina, ez diote urruntze politikari bukaera eman", esan du.
Azkarragaren hitzetan, "204 presotik 6 soilik daude Euskal Herriko presondegietan". "Egoera horrekin bukatu behar dugu behingoz. Duela 10 urte utzi zuen ETAk borroka amatua, eta orain bi urte desagertu zen, baina salbuespen egoera ez da amaitu", erantsi du.
Ildo horretan, gogora ekarri du "salbuespenezko espetxe politikaren aurka" aldarrikapen asko izan direla, eta PSE-EEk eta Podemosek ere hartu izan dutela parte horretan.
Bestalde, azpimarratu du ETAko presoen eta senideen egoerak okerrera egin duela COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Horregatik, urriaren 24ko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak, "bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun baten alde".