Politika -
Gobernu programa
Estatutua berritzea eta Euskadiri dagozkion eskumenak lortzea, Jaurlaritzaren asmoak
Osasuna bermatzea, ekonomia eta lana berpiztea eta zerbitzu publikoei eta gizarte politikei eustea dira Gobernu programaren hiru ildo nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurreko legegintzaldian egindako lana abiapuntu, Gernikako Estatutua berritzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak 2020-2024rako prestatu duen gobernu programan. Halaber, autogobernua osatzeko Euskadiri falta zaizkion eskumenak negoziatzeko asmoa erakutsi du.
EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak asteartean onartu zuen datozen lau urteetarako programa. Osasuna bermatzea, ekonomia eta lana berpiztea eta zerbitzu publikoei eta gizarte politikei eustea dira, hain zuzen ere, plan horren hiru ildo nagusiak.
Autogobernua
Jaurlaritzak nabarmendu du autogobernuaren defentsa eta Euskadiri dagozkion transferentzien eskualdatzea direla Estatutua berritzeko mugarri nagusiak.
Horretarako, beharrezkotzat jo du autogobernuaren taldeak joan den legealdian ezarritako ildoetan oinarritzea, baita indarrean dauden trikimailu politikoez, juridikoez eta instituzionalez baliatzea ere.
Eskumenak
Zentzu horretan, Jaurlaritzak gogora ekarri du oraindik Euskadiri dagozkion 28 transferentzia daudela Espainiako Gobernuaren esku; horien artean, Gizarte Segurantzarena.
Bestalde, presondegien kudeaketarekin lotutako transferentzia ere badu hizpide gobernu programan. Asmoa da "indibidualizazioan, gizatasunean, egindako minaren aitorpenean eta gizarteratzean" oinarritutako espetxe politika garatzea.
Horrekin lotuta, presoak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara gerturatzea defendatu du, betiere elkarrizketa ardatz hartuta eta Espainiako Gobernuaren laguntzarekin.
Giza eskubideen eta elkarbizitzaren aferari dagokionez, "iraganean izandako terrorismoaren eta indarkeriaren memoria kritiko" baten alde egin du.
Osasunaren arloan, Jaurlaritzak azpimarratu du COVID-19aren pandemiak agerian utzi duela osasun sistema indartzeko beharra. Horregatik adostu dute EAJk eta PSE-EEk behargin gehiago kontratatzea eta osasun langileen lana ez burokratizatzea.
COVID-19a
Birusa atzemateko orduan, teknologia berriak iritsiko direla diote gobernu programan. Gainera, lehen arretako zerbitzuek gaur egun baino PCR proba gehiago egingo dituztela jaso dute bertan.
Horrez gain, eri dauden pertsona guztietan jarri nahi dute arreta, bereziki, pandemiaren eraginez osasun probak egiterakoan zailtasunak edo atzerapenak jasan dituzten gaixoetan.
Lana
Euskadin langabezia % 10etik behera jaistea da Jaurlaritzaren erronketako bat. Horrekin batera, helburu du industriak eta zerbitzu aurreratuek barne produktu gordinaren % 40tik gora hartzea.
Garraioa
Euskal Y-aren lanak bukatzea ere badago Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako ezarritako asmoen artean. Irunen, Donostian, Ezkion, Bilbon eta Gasteizen tren geltokiak eraiki nahi dituzte, eta Donostiako metroko obrak amaitzea ere badute helburu.