Politika -
IZENDAPEN BERRIA
Eusko Jaurlaritzak Andoni Aldekoa proposatu du EiTBko zuzendari nagusi kargurako
Gobernu Kontseiluak egindako proposamenaren ondotik, orain Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du izendapena.
EITB.EUS
Gaurko Gobernu Kontseiluak proposamena bidali dio Eusko Legebiltzarrari, Andoni Aldekoa EiTBko zuzendari nagusi izendatu dezan, Maite Iturberen ordez.
Orain, Eusko Legebiltzarrean bozkatu beharko dute proposamena.
Ezustekorik ezean, proposamenak aurrera egingo du, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean.
Euskal Irrati Telebista sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 16. artikuluak, urriaren 11ko 4/1996 Legearen erreforman, jasotzen duenez, "Zuzendari nagusia Jaurlaritzak proposatu eta Legebiltzarrak hautatuko du, eta proposamena onartzeko, Legebiltzarkideen erdien gehi bat gehiagoren aldeko botoak beharko dira, gutxienez. Behin, hautaketa eginik, lehendakariaren dekretu bidez izendatuko da zuzendari nagusia".
Proposamena osoko bilkuran onartu ondoren, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko dio onartua izan dela, eta lehendakariak Izendapen-Dekretua argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzare Aldizkarian (EHAA).
Aldekoaren ibilbide profesionala
Lanbidez kazetaria da Aldekoa, eta Radio Euskadin, Radio Vitorian eta ETBn egin zuen lan, besteak beste. Gaur egun, Bilboko Euskalduna Jauregia zuzentzen du 2017ko otsailetik, 2015eko urritik urte horretara arte Iñigo Urkullu lehendakariaren Komunikazio aholkularia izan ondoren.
Aurretik, erantzukizuneko lanpostuak bete zituen 16 urtez Bilboko Udalean, arlo ekonomikoari, politikoari eta komunikazio instituzionalari lotuta. Denbora horretan, Iñaki Azkuna (EAJ) alkatearen kabineteko zuzendaria izan zen.
Kazetaritzan lizentziatua, gerentzia politikoan, plangintza estrategikoan eta komunikazio politikoan espezializatu da.