Politika -
MONARKIA ALA ERREPUBLIKA
Espainiarren % 41ek errepublika bozkatuko lukete erreferendumean; % 35ek, monarkia
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), herritarren % 41,6 ados daude erreferenduma egitearekin; % 38,5, ostera, aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako monarkia jomugan dagoen honetan, gaur goizean argitaratutako inkesta batek zabaldutako datuen arabera, errepublikaren aldeko jarrera nagusituko litzateke estatu espainiarrean balizko erreferendum batean.
Inkestatuen % 40,9k errepublikaren alde bozkatuko lukete eta % 34,9k, berriz, monarkiaren alde. PMI Hedabide Independenteen Plataformak monarkiari eta errepublikari buruzko inkesta burutu du eta gaur goizean argitaratu ditu emaitzak. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), herritarren % 41,6 ados daude erreferenduma egitearekin; % 38,5, ostera, aurka.
Inkestaren bultzatzaile den Hedabide Independenteen Plataforma (PMI) honako hauek osatzen dute: Carne Cruda, Catalunya Plural, Critic, ctxt, Cuartopoder, El Salto, La Marea, La Voz del Sur, Luzes, Mongolia, Nortes, Nueva Tribuna, Pikara Magazine, Praza eta Publico. "Monarkiaren eta Errepublikaren artean erreferendum bat eginez gero, zer bozkatuko zenuke?" galderari 3.000 pertsonak erantzun diote, "online" bidez, irailaren 21etik urriaren 5era bitartean.
Halaber, gaiari buruzko erreferenduma egitea zer irudituko litzaieken ere galdegin diete. Inkestatuen % 47,8k alde bozkatu du, % 36,1ek ez du beharrezko ikusten eta % 16,1ek ez du erantzun nahi izan.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Katalunia da erreferenduma egitearen aldeko jarrera handiena duen lurraldea (% 68,4 alde eta % 18,5 kontra). Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere, erreferendumaren aldekoak dira hamarretik lau (% 41,6). EAEko herritarren % 38,5, ostera, ez daude ados erreferenduma egitearekin.
Zein errepublika mota nahiko luketen galdetuta, gehienek errepublika presidentzialistaren alde egin dute (% 48,5).
Azkenik, Espainiako erregeak erakundean aldaketarik egin beharko lukeen eta bere ekintzengatik epaitua izan beharko lukeen galdetuta, % 52,4 ados dago; % 25,5 nahiko ados; % 8,2 ez dago ados eta % 6,1 ez dago batere ados.