Politika -
COVID-19
Madrilgo alarma egoeraren ondorioak aztertuko ditu Eusko Jaurlaritzak
"Madril erkidegoaren egoera zein erakunde ezberdinek hartutako erabakiak kezkarekin jarraitzen ari da Eusko Jaurlaritza", adierazi du Zupiriak.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo alarma egoerak han zein gainerako erkidegoetan izan ditzakeen ondorioak aztertuko ditu Eusko Jaurlaritzak.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, Madrilen pandemiari aurre egiteko neurrien “ondorio zehatzak zeintzuk diren” ezagutzeko, txostena egiteko agindua eman die Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernuko zerbitzu juridikoei.
“Madrilgo erkidegoaren egoera zein erakunde ezberdinek hartutako erabakiak kezkarekin jarraitzen ari da Eusko Jaurlaritza”, adierazi du Zupiriak ETBn.
Osasun egoera orokorra “oso konplexua” da, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. “Erakunde ezberdinen arteko lankidetza, adostasun eta akordiorako esfortzu etengabea beharrezkoa da”, gaineratu duenez, “osasun egoera kritikoari aurre egiteko modu bakarra delako”.
Abuztuaren 19tik Euskadin Osasun Larrialdi egoera indarrean dagoela gogorarazi du Exekutiboko bozeramaileak. Eusko Jaurlaritzaren eta erkidegoko gainerako erakundeen zein Osasun Ministerioaren arteko harremana “etengabea” da marko horretan, COVID-19ari aurre egiteko “murrizketak” zehazteko orduan, azpimarratu duenez.
“Martxoan pandemia hasi zenetik, Osasun Sailaren eta Ministerioaren arteko harremana eta lankidetza etengabea eta iraunkorra izan da, egoeraren jarraipena egiteko eta neurri egokiak hartzeko”, erantsi du.
Azkenik, “herritarren osasuna ez-ezik, konfiantza ere jokoan” dagoela gogorarazi du Zupiriak, eta “seguru sentitzea eta administrazioek hartzen dituzten erabaki ezberdinetan konfiantza izatea beharrezkoa da; horregatik dira hain garrantzitsuak adostasuna eta akordioa”.