Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
ETAren biktimen "mina" aitortu du Antton Lopez "Kubati"k
1986an Guardia Zibilaren Aretxabaletako kuartelaren aurka izandako atentatuagatik Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan, bere buruarekin "bakean" dagoela erantsi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antton Lopez Ruiz, "Kubati" preso ohiak ETAren biktimen "min oso handia" aitortu du eta bere buruarekin "bakean" dagoela erantsi du.
Atzo hasi zen Antton Lopez Ruiz "Kubati" eta Jose Miguel Latasa Guetaria preso ohien kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean, 1986an, Aretxabaletan, Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren harira. Erasoan bi guardia zibil hil ziren.
Fiskalak 66na urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat.
Fiskalaren galderari erantzunez honakoa esan zuen "Kubati"k: "Ez dut ezeri erantzuteko beldurrik. Errespetuagatik eta beste fase batean gaudelako, koherenteak izan behar dugulako, erantzun dizuet zuri eta biktimen abokatuei".
Bi akusatuek ukatu egin dute Aretxabaletako atentatuan parte hartu zutela; bai, ordea, egun berean, ordu batzuk lehenago, Ordiziako kuartelaren aurka izandako atentatuan. Bi guardia zibil zauritu ziren.