Politika -
Villarejo auzia
Auzitegi Nazionaleko epaileak Dina auziagatik Iglesias ikertzeko eskatu dio Gorenari
Horren ustez, Dina Bousselham aholkulari ohiaren sakelakoaren lapurreta erabili zuen hauteskundeetan emaitza hobeak izateko. Sanchezek Iglesias babestu du; PPk, haren dimisioa eskatu.
Agentziak
Villarejo auzia ikertzen ari den Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Unidas Podemoseko buruzagia ikertzeko eskatu dio Auzitegi Gorenari, hainbat delitu leporatuta. Dina Bousselham Iglesiasen aholkulari ohiaren sakelakoaren lapurreta dago eskari horren atzean. Auzitegi Nazionalak ezin du Iglesias ikertu, foruduna delako, eta horregatik egin dio eskaria Gorenari.
Zehazki, sekretuak agerraraztea (genero astungarriarekin), kalte informatikoak eragitea, salaketa faltsua jartzea eta delitua simulatzea egotzi dio epaileak Podemoseko buruzagiari.
Arrazoitutako idatzi batean, Iglesias ez ezik, Gloria Erizo Kongresuko laugarren presidenteordea, Marta Flor Nuñez eta Raul Carballedo Podemoseko abokatuak, Dina Bousselham bera eta haren bikotekide Ricardo Dasaferreira ere ikertzea eskatu du Garcia Castellonek.
Epaileak uste du Iglesiasek lapurreta bere mesederako erabili nahi izan zuela, 2019ko hauteskundeetan "emaitza hobeak" lortzeko.
Unidas Podemosetik "ezin sinetsita" daude eskaerarekin. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Salak Iglesiasi kaltedun izaera itzultzeko eskatu zion Garcia Castelloni. Bart Pilar Garrido Euskadiko Podemoseko koordinatzaile nagusiak Radio Euskadin esan duenez, "Podemosen kontrako kanpainaren beste atal bat" da honakoa.
PSOEk Iglesias babestu du. Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak adierazi du Exekutiboak ez duela "inongo kezkarik" presidenteordearen lanarekin. Calvoren hitzetan, auzia "pertsonala" da eta ez du "zerikusirik presidenteorde karguarekin edota Espainiako Gobernuan duen paperarekin".
Oso bestelakoa da Pablo Casado PPko buruzagiaren iritzia. Eskariaren berri izan baino ez, Iglesias "berehala" kargutik kentzeko eskatu dio Sanchezi, eta "zentsura-mozioan erabilitako neurri bera hartzeko kasu honetan ere". Edmundo Bal Ciudadanosen bozeramaileak, bestalde, Iglesias "babesteari uzteko" eskatu dio gobernuburuari.
Iglesiasek Senatuan du agerraldia gaur, COVID-19aren inguruan egindako kudeaketa azaltzeko.