Politika -

FRANTZIA

Josu Urrutikoetxea terrorismoagatik kondenatutakoen fitxategian sartu du Frantziak

ETAko buru ohia atxilotu egin dute gaur goizean, komisariara eraman eta bertan FIJAIT fitxategian sartu dutela jakinarazteko. Ondoren, aske geratu da.

Josu Urrutikoetxea. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Josu Urrutikoetxea
Josu Urrutikoetxea. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak terrorismo delituengatik kondenatutakoen FIJAIT fitxategi berezian sartu dutela jakinarazi dio gaur Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohiari.

Urrutikoetxea atxilotu egin dute gaur goizean, etxean, eta ondoren Clichyko (Paris) komisariara eraman dute. Bertan, Arau-hauste Terroristen Egileen Fitxategi Judizial Automatizatuan (FIJAIT) sartu dutela jakinarazi diote, eta ondoren aske utzi dute.

Horren ondorioz, preso ohiak hiru hilabetean behin aurkeztu beharko du, eta jakinarazi beharko du Frantziako Estatutik atera nahi duen bakoitzean, beste zenbait neurriren artean.

FIJAIT fitxategia Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako atentatuaren (2015) ostean sortu zuten. Horretan, terrorismo delituengatik kondenatutakoen datuak gordetzen dituzte, zenbait hamarkadaz.

Espainiaratzea

Joan den astean, Frantziako Justiziak ETAko buruzagi ohia Espainiaratzea erabaki zuen, "Herriko Tabernen" auziaren baitan.

Dena dela, balizko Espainiaratzea gauzatu baino lehen, Frantzian ebatzi barik dituen auziak ebatzi behar dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak Frantzia Albisteak Gaur Eguneko albisteak