Politika -
Presoak
COVID-19ak "egoera jasangaitzean" utzi ditu presoak, Etxeraten arabera
Bisean bisak etenda daude 30 espetxetan. Horrez gain, asteburu honetan bi familiak alferrik egin dituzte 1.000 kilometro baino gehiago, positiboak direla eta bertan behera geratu direlako bisitak.
Agentziak | Erredakzioa
Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak salatu duenez, COVID-19aren eraginez Espainiako Estatuko kartzeletan ezarritako isolamendu eta komunikazio murrizketek "egoera jasangaitzean" utzi dituzte presoak eta euren familiak.
Elkartearen esanetan, Espainiako kartzeletan "aldiro" uzten dituzte bisean bisak bertan behera, eta 30 espetxetan "modu iraunkorrean" daude etenda.
Etxeratek asteburu honetan Soto del Real eta Villenako kartzeletan gertatutakoa jarri du egoera horren adibide gisa. Bi familiak 1.000 kilometro baino gehiago egin dituzte euren gertukoak bisitatzeko, baina azken unean bisitok bertan behera geratu dira, kartzelotan positiboak atzeman dituztelako.
Presoen senitartekoen elkarteak gogorarazi duenez, pandemiak eragindako egoera horri "bidaia luzeak egiteko zailtasunak" batu behar zaizkio. Horrela, adingabe eta adineko asko euren familiakoak ikusi gabe geratu dira azken zazpi hilabeteotan.
"Berriro diogu. Presoak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dira, lehenbailehen, haien errotze-lekuetatik hurbilen dauden espetxeetan, gero eta ondorio konponezinagoak izaten baitituzte espetxeratuek eta haien familiek", nabarmendu du Etxeratek.
Azkenik, zehaztu du azken hilabeteetan egindako lekualdatzeak gorabehera EPPK kolektiboko 189 presoetatik 180 daudela Espainiako Estatuko kartzeletan sakabanatuta.