Politika -
Operazioa
Hiru pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak ETAren zulo batekin lotuta
Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio dira atxilotuak. Sarek mobilizazioak egin ditu Zarautzen, Arrasaten eta Abadiñon. Estatuak eztabaida politikoa baldintzatu nahi duela salatu du EH Bilduk.
EiTB.EUS
Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu ditu astelehen honetan, Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako ETAren zulo batekin lotuta. Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio dira atxilotuak.
Guardia Zibilaren arabera, ETArekin zerikusia duten azpiegiturak aurkitzeko abiatutako ikerketaren baitan egin dituzte atxiloketak. Zulo horretan lehergaiak, tenporizadoreak eta detonagailuak atzeman zituzten iaz.
Eizagirre eta Arkauz 2013an atxilotu zituzten lehenengoz, "Ezpala" komandoko kide zirelakoan. Lau urte geroago, baina, aske utzi zituzten biak.
Gaur atxilotutako hiru lagunei armak eta lehergaiak izatea leporatu diete. Horietako bati, gainera, talde armatu batean parte hartzea egotzi diote, aurretik ez zutelako delitu horrengatik ikertu.
Datozen orduetan Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute guztiek, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Sare: "Atxiloketak atzerapausoa dira bakearen bidean"
Bestalde, Guardia Zibilak egindako atxiloketak salatzeko Sarek mobilizazioak egin ditu arratsalde honetan Zarautzen, Arrasaten eta Abadiñon.
Sare herritarrak ohar batean esan du atxiloketek "iraganera" bueltatzen gaituztela eta "sufrimendua eragitea eta mendekua hartzea" dutela helburu; Eizagirrek eta Arkauzek ezarri zizkieten zigorrak bete zituztelako eta Jaio 2017an itzuli zelako etxera.
Atxiloketa horiek "onartezintzat" jo ditu, akusazio zaharkituak eta bihurriak erabili dituztelako. "Atxiloketa horiek atzerapausoa dira bakearen bidean. Erabaki horrek erakusten du justiziak iraganari iltzatuta jarraitzen duela", kritikatu du.
Euskal presoak eta iheslariak etxeratzearen alde lanean segituko duela aginduta, arratsalde honetan (19:30) Zarautzen, Arrasaten eta Abadiñon antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.
EH Bildu: "Estatuak eztabaida politikoa baldintzatu nahi du"
Bestalde, EH Bilduk ere salatu du Guardia Zibilaren operazio eta ohartarazi du atxiloketek "ez dute laguntzen gehiengo politiko eta sozialak eskatzen duen behin betiko bake integrala lortzeko".
Halaber, koalizio soberanistak esan du atxiloketa horien bidez "Estatu sakonak eztabaida politikoa baldintzatu eta bizikidetza eraikitzeko urratsak ematea saihestu" nahi duela salatu du.
"Bizikidetza demokratikoari oztopoak jarri nahi dizkio Estatuak; une oro Euskal Herrian ematen den edozein urrats zapuzten saiatzen dira", kritikatu du.
EH Bilduk adierazi du bizikidetza bermatzeko ezinbestekoa dela euskal preso guztiak askatzea: "Kartzelak husteko garaia da, eta ez gehiago betetzeko".
Bizikidetzaren eta bakearen alde, koalizio soberanistak atxiloketak salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dio gizarteari.