Politika -

ELKARRIZKETA

Zapatero: "Demokraziaren garaipena da EH Bilduk hitz egitea eta akordioak lortzea"

Espainiako presidente ohiak Urkulluren "egonkortasuna" balioesten du, eta PSE-EE eta EH Bilduren arteko gobernua "oso urrun" ikusten du. Ez du atzera egin eta Martin Villa babesten jarraitzen du.

Jose Luis Rodriguez Zapatero. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Luis Rodriguez Zapatero
Jose Luis Rodriguez Zapatero. Artxiboko argazkia: EFE

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskadin sozialisten eta ezker abertzalearen artean gobernua osatzetik urrun gaude", horrela mintzatu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Haren esanetan, "epe labur eta ertainean" ez dago aukerarik PSE-EEren eta EH Bilduren artean aliantza estua osatzeko. "PSE-EE eta EAJ pozik daude elkar ulertu dutelako: egonkortasun faktore bat da Euskadirentzat", azpimarratu du.

Koronabirusaren pandemia kudeatu ahal izateko "su-eten politikoa" eskatu du Zapaterok "Boulevard" saioan, eta pandemiaren aurka erabilitako "formularik onena" alarma egoerarena izan dela gaineratu du. Zapateroren hitzetan, "Espainiako Gobernuak Madrilgo Erkidegoarekin hitz egin du eta pazientzia handia izan du". Gaineratu duenez, deskonfinamendu prozesua "motelagoa eta zuhurragoa" izan zitekeen.

Presoak Euskal Autonomia Erkidegotik hurbilago dauden espetxeetara hurbiltzeari buruz galdetu diotenean, Zapaterok "diskrezioaren" alde egin du, baina "ahanzturarik gabe orriak pasatzen lagunduko duten" neurri berriekin bat egiten duela ziurtatu du, "demokraziarekin batera eskuzabaltasunaren balioa ere badagoelako beti". Zapaterok EH Bildurekin hitz egitearen eta negoziatzearen alde egin du, "indarkeria amaitu eta pistolak isildu ondoren, demokraziak aukera guztiei beren funtzioak betetzeko aukera ematen dielako. PSOEk indarkeria urte gogorretan defendatu zuen, eta PPk ere bai", esan du buruzagi sozialista ohiak. Zapateroren ustez, EH Bilduren jarrerak "demokraziaren arrakasta eta garaipena erakusten du".

"Ez dago memoria partekatua adosteko baldintzarik", esan du Zapaterok. ETAk eragindako minaren aitorpen "gogorragoa eta sendoagoa" eskatu die "babestu edo ulertu" zutenei. ETAk 2006an "epe luzerako emaitzak eman zituen" su-etenean izandako negoziazioen harira, Zapaterok esan du ez zutela "inolako barkamen neurritan aurrera egin, prozesua eten egin zelako". Ez du sakondu nahi izan Jesus Egigurenek terrorismoagatik zigortutako presoen balizko indultuari buruz esandakoaren gainean: "Presoen gaia mahai gainean zegoen, baina ez zen aurrera egiteko aukerarik egon". Jesus Egigurenen "ausardiari", ostera, balioa eman dio. Elgoibarko Txillarre baserrian izandako bilera batetik Arnaldo Otegirekin berriro harremanetan jarri ez dela esan duen arren, ez du baztertzen etorkizunean berriro egitea.

"GALen gaia epaitu zen. Inork ez zuen GALen jarduna ideologikoki defendatu", esan du Estatuko Segurtasun Indarrek edo GALek Euskadin erabilitako indarkeriagatik Estatuak barkamena eskatu behar ote duen galdetuta. "Ezinbestekoa da astakeria izan zela esateko punturaino iristea. Enpatia osoa eta atxikimendua biktimen memoriarekiko", gaineratu du.

"Demokraziaren ikuspegi oso instituzionala" defendatzen duela azaldu du Zapaterok, eta hori "ikuspegi errepublikanoa" dela. Iñigo Urkullu lehendakariak monarkia "errepublikanizatzeko" egindako proposamenetik urrun dagoela adierazi du 2004tik 2011ra bitartean Espainiako Gobernuko presidente izan zenak. "Ez da baliagarria erakundeen funtzionamendurako", esan du. "Eztabaida ez dago gizartean" eta "beste ondorio batzuk irekiko lituzke", azpimarratu du. Zapateroren esanetan, monarkiaren inguruan "argitasun handiagoa eta funtzionamendurako joko-arau gehiago plantea daitezke", harremanak instituzionalizatu daitezen. Gertatutakoagatik "atsekabetuta" dagoela esan du.

Zapaterok Martin Villaren aldeko jarrerari eutsi dio eta hari buruz esan du "askatasunaren alde arraunean" egin zuela. Trantsizioko krimenetan izandako erantzukizunengatik inputatuta badago ere, Zapaterok ez ezik, Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy presidente ohiek babesa agertu zioten gutun batean. "Erregimen frankistako ikasle sindikatutik zetorren, baina atea ireki zenean trantsizioaren, askatasunen eta demokraziaren alde agertu zen", aipatu du. Zapaterok aditzera eman du "datozen lekutik datozela" bakeari ekarpenak egiten dizkiotenak goraipatu behar direla. "Arnaldo Otegirekin ere egin dut", amaitu du.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Politika PSOE Espainiako Felipe VI.a bideoak Espainia bideoak Presoak bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaixotasunak albisteak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Madril Osasun albisteak Espetxeen albisteak gaur Koronabirus-agerraldiak GAL albisteak