Politika -
Ekimena
Gure Eskuk erreferendumaren aldeko sinadura bilketari helduko dio berriro
Izan ere, plataformaren iritziz, pandemia garaian "hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugu burujabetzan sakontzeko bidea egiteko". Urriaren 31n "ekitaldi politiko eta kulturala" egingo dute.
EITB.EUS
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak erreferendumaren aldeko sinadura bilketari ekingo dio berriro, gaur iragarri duenez. Kanpaina bertan behera geratu zen martxoan, COVID-19a tarteko.
"Hamaika gara" ekimena ekainera arte egongo da martxan eta "Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketa handiena bilakatu" nahi dute, Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Euren ustez, pandemia garaian "hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugu burujabetzan sakontzeko bidea egiteko". "Osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua, zein erraz ken diezazkiguketen Madrildik eta Paristik gure eskumen mugatuak. Areago, herritarrok hautatutako lehendakariak ere inhabilita ditzakete, Quim Torra presidentearekin egin duten bezala", azaldu dute.
Nabarmendu dutenez, "ez da zer gertatuko zain geratzeko unea, eskubideak defendatu eta zabaltzearen alde egiteko unea hauxe da. Eta aukerak badaude. Erabakitzeko eskubidea modu eraginkorrean legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena. Argi esango dugu: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz, eta herritarrok prozesuaren oinarri".
Hori horrela, "erreferendumak egiteko ahalmena beren gain hartu, arautu eta garatzeko” eskaerak egingo dizkiete Eusko Legebiltzarrari edo Nafarroako Parlamentuari.
"Gizartean erabakitzearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea dagokie alderdi politekoei. Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke", argudiatu dute.
Ekitaldi politiko eta kultural handia, hilaren 31n
Hamaika Gara ekimenaren "lehen mugarri handia" egingo dutela iragarri dute Alvarezek eta Etxaburuk. Urriaren 31n, ekitaldi "politiko eta kultural bat" eskainiko dute (18:00etan) Bi eratara ikusi ahalko da: hamaikagara.eus webgunearen bidez eta Euskal Herri osoko herri askotan antolatuko dituzten zuzeneko proiekzioetan.
Gure Eskuk azaldu du alor anitzetako 24 eragile batu dituztela Hamaika Gara ekimenaren atzean, eta gero eta agente gehiago biltzen ari zaizkiela.