Politika -
Gose greba
Iñaki Bilbao ETAko presoa ospitaleratu dute, gose greban 20 egun eman eta gero
Auzitegi Nazionalak aginduta eraman dute Puerto III espetxetik Puerto Realeko (Cadiz) ospitalera.
AGENTZIAk | ERREDAKZIOA
Iñaki Bilbao Goikoetxea ETAko presoa Puerto Realeko (Cadiz) ospitalera eraman dute Puerto III espetxetik, gose greban 20 egun eman eta gero, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AEM) eta espetxeetako iturriek jakinarazi dutenez.
AEMk zehaztu duenez, Auzitegi Nazionalak aginduta ospitaleratu dute presoa, "bizirik mantentzeko egin behar den guztia" egiteko agindu baitu.
Elkarte horren esanetan, Iñaki Bilbaok irailaren 9an ekin zion gose grebari, "Euskal Herri independente, sozialista, batua eta euskalduna" aldarrikatzeko.
Espetxeko iturriak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez, presoak istilua izan zuen kartzelan gose greba abiatu baino lehen, polizia batzuk DNA laginak hartzeko joan zitzaizkionean.
Bigarren aldia da preso honek gose greba abiatu duena. Izan ere, 2007ko urrian, 10 eguneko baraualdia egin zuen, eta orduan ere Puerto Realeko ospitalera eraman behar izan zuten.
Iñaki Bilbao 45 urteko espetxe zigorra betetzen ari da espetxean, Juan Priede Orioko (Gipuzkoa) zinegotzi sozialista hiltzeagatik. Gainera, beste 14 urteko zigorra du pilatuta, hainbat epaileri mehatxu egiteagatik.