Politika -
Torraren inhabilitazioa
Otsailaren 7an izan litezke Kataluniako hauteskundeak
Quim Torra Kataluniako presidentea gaitasungabetuta, inbestidura berri baterako epeak abian jarriko dituzte eta, presidentegairik ezean, bozak izango dira berriz.
Efe
Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentearen gaitasungabetzea berretsita, epe eta mekanismo parlamentario zenbait jarriko dira abian Katalunian, presidentegai bat izendatze aldera. Hala ere, itxura guztien arabera izapide horiek guztiak inbestidurarako hautagai alternatiborik gabe bukatuko dira eta litekeena da hauteskundeak automatikoki deitzea, agian 2021eko otsailaren 7rako.
Kataluniako Parlamentuko legelariek gaur, astelehenarekin, argitaratutako txosten baten arabera, “Generalitateko presidenteak kargua utzi edo Gobernuko idazkariak hori jakinarazi eta berehala” 10 eguneko epea hasten da Kataluniako ganberako presidenteak, kasu honetan Roger Torrentek, talde parlamentarioetako ordezkariekin bilera segida has dezan, Torra ordezkatzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
JxCATek eta ERCk, Parlamentuan gehiengo osoa metatzen duten bi alderdiek, ez dute hautagairik aurkezteko asmorik, baina Ciudadanos aukera hori aztertzen ari da oraindik, nahiz eta, itxuraz, ezingo lukeen presidentetza lortzeko babes nahikorik pilatu.
Torrentek inbestidurarako hautagai bideragarririk ez dagoela ikusitakoan erakundeen blokeoa saihesteko bide bat jaso dute legelariek txostenean: legeari jarraituta inbestidurarako osoko bilkura deitu beharrean, “ekitaldi baliokidea” deitzea, inbestidurarako hautagaitza eraginkorrik ez dagoela iragartzeko.
Horrela, bi hileko atzera kontaketa abiatuko litzateke, eta denbora horretan guztian Torrarentzako ordezkorik egongo ez litzatekeenez, hauteskundeak deituko lituzkete automatikoki, hauteskunde legearen arabera, 54 egunen buruan.
Burujabetasunaren aldeko alderdietatik adierazi dutenez, egutegiari begiratuta, presidentea aldatu behar izatekotan ezarrita dauden epeak kontuan hartuz gero, oso kontuan hartu beharreko data izango da otsailaren 7koa.