Politika -
ELKARRIZKETA
Manu Ayerdi: "Ez dugu konfinamendu orokorrik aurreikusten oraingoz"
Asteazkenean egun bakar batean inoiz atzemandako positibo gehien zenbatuagatik ere, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordea baikor mintzatu da.
EITB.EUS
Pandemiaren eboluzioari begiratuta, Nafarroak goia jo zuen atzo. Izan ere, inoizko positibo gehien atzeman zituen egun bakar batean: 425 guztira. Gaur, ostera, positiboen zenbatekoa 360ra jaitsi da, egindako PCR kopurua antzekoa izanagatik ere. Koronabirusa Nafarroako Foru Erkidegoan izaten ari den eboluzioaz galdetuta, baikor mintzatu da Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordea eta oraingoz baztertu egin du Nafarroa osoan konfinamendu orokorra ezartzea.
Gauerdiaz geroztik, Azkoien konfinatuta egongo da, gutxienez astebetez, COVID-19aren transmisioa gelditzeko helburuarekin. Foru Erkidegoa bere osotasunean hartuta, positibotasun tasa % 12koa da, Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duen % 5aren gainetik.
ETB-1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, Manu Ayerdi baikor mintzatu da eta positibotasun tasa % 12a izanagatik ere, Nafarroa Estatuko hamargarrena dela adierazi du. Haren esanetan, Nafarroan aurretik leudeke Madril % 23ko positibotasunarekin eta beste hainbat % 17-18ko tasarekin.
Ayerdiren esanetan, Foru Gobernuak ez du momentu honetan konfinamendu orokorrik aurreikusten Nafarroa osoarentzat. "Ezin da inoiz ezer esan, baina momentu honetan ez dugu ikusten", gaineratu du.
Nafarroako Gobernuko kideak azaldu duenez, duela 10 egun neurri batzuk hartu zituzten eta horien ondorioak ikusteko itxaron egin behar da.
Horrez gain, "ez-jaiak" deituriko horiek kalte handia egiten ari direla onartu du. Haren hitzetan, Nafarroa kaltetzen ari den "ez-jaien" denboraldia irailean amaituko da eta itxaropentsu agertu da.
Gauzak horrela, neurriek zer ondorio dituzten itxaroteko eskatu du.