Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Chivite: "Ez dut onartuko Nafarroa eta Madril maila berean jartzea"
Nafarroako presidenteak argi utzi du COVID-19 kasuak atzemateko egiten ari diren ahalegina askoz handiagoa dela Madrilek egindakoa baino.
EiTB.EUS
Nafarroako presidente Maria Chivitek argi utzi du berak zuzendutako autonomia erkidegoak eta Madrilek ez dutela inondik inora egoera berdina bizi, koronabirusaren pandemiari dagokionez. Datuek erakusten dute Nafarroan 100.000 biztanleko 301 kutsatu direla azken astean; Madrilen, berriz, 352.
"Kasu positiboak atzemateko egiten ari garen lanak ez du Madrilgo autonomia erkidegoan egindakoarekin zerikusirik", adierazi du.
Halere, kutsatze mailak gorako joerari eusten badio, Chivitek ez du baztertzen datozen asteetan neurri zorrotzagoak hartzea: "Dena den, ez dut onartuko Madrilekin parekatzea".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Azkoienen eta Cintruenigon izandako agerraldiei buruz ere mintzatu da. Gainera, gogora ekarri du Nafarroa dela Estatu osotik biztanleko PCR gehien egiten dituen erkidegoa: 100.000 biztanleko 2.919 test, hain zuzen ere.
Bestalde, begi onez ikusi du Indar Armatuek kontaktuen jarraipenean laguntzea, "edozein laguntza ondo datorkigulako". Hala eta guztiz ere, ez du nahi militarrek aztarnari profesionalen lana ordezkatzea: "Osasun profesionalak kontratatzen ari gara, eta ez dugu horretan aurreztuko".
Aurreikusitakoaren arabera, % 13 jaitsiko da zerga bilketa Nafarroan, alegia duela hilabete batzuk iragarritakoa baino % 7 gutxiago. Albiste hori ona dela nabarmendu du Chivitek, hartutako konpromisoak betetzeko aukera emango dielako. "Ezin dugu inor atzean utzi, aurretik izandako krisitik ikasi dugu hori", azaldu du.
Hartara, Espainiako Gobernuarekin batera 2021erako zorpetze maila zehaztuta, aurrekontuei lotutako gastu muga ezarri ahal izango dugu", bukatu du Chivitek.