Politika -
Presoak
ETAko bost preso lekualdatuko dituela iragarri du Espetxeetako Zuzendaritzak
Unai Fano, Juan Carlos Herrador, Lierni Armendaritz, Jesus Arkauz eta Gorka Loran Basauri, Kantabria, Valladolid eta Palentziako espetxeetara eramango dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Barne Ministerioaren menpeko Espetxeetako Zuzendaritzak jakinarazi du ETAko bost preso Euskal Herriko edo inguruko espetxeetara lekualdatuko dituela.
Unai Fano, Juan Carlos Herrador, Lierni Armendaritz, Jesus Arkauz eta Gorka Loran presoak Basauri, Kantabria, Valladolid eta Palentziako kartzelatara eramango dituzte.
Jesus Arkauz 1991ean atxilotu zuten Frantzian eta 1997an Espainiaratu egin zuten. 30 urte kartzela-zigorra ezarri zioten. Hortaz, 2015ean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Murtziatik Valladolidera eramango dute.
Gorka Lorani 20 urteko espetxealdia ezarri zioten eta 2018an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Algecirasetik Palentziako Dueñas kartzelara eramango dute.
Lierni Armendaritz 2001ean atxilotu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten. 2023ko uztailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. A Lamako (Pontevedra) espetxetik El Duesora (Kantabria) eramango dute.
Juan Carlos Herradorri 19 urteko zigorra ezarri zioten 2009an. Zigorraren hiru laurdenak 2021eko ekainean beteko ditu. Toledoko Ocaña I presondegitik El Duesora eramango dute.
Unai Fano 2008an atxilotu zuten eta 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Soriako espetxetik Basaurira eramango dute. 2023ko irailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.