Politika -

Memoriaren Institutua

Bizikidetzari buruzko akordioa eta memoriaren lege berria, Gogoraren helburuak

Beatriz Artolazabalek lehen bisita egin du asteazken honetan institutuaren egoitzara, legealdi honetan Lehendakaritzatik bere sailera igaro baita.

Beatriz Artolazabal artxiboko argazki batean. EFE.
Beatriz Artolazabal
Beatriz Artolazabal artxiboko argazki batean. EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko lantaldean lortu ez zen bizikidetzari buruzko akordio bat lortzea eta memoria historiko eta demokratikoaren lege berri bat bultzatzea izango dira Gogora Institutuaren helburuak legealdi honetan.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lehen bisita egin du asteazken honetan Gogora Institutuaren egoitzara; izan ere, legegintzaldi honetan institutu hori Lehendakaritzatik bere sailera igaro da.

Artolazabalek azaldu duenez, Gogora Institutuaren helburuetako bat izango da azken legegintzaldietan Eusko Legebiltzarreko lantaldean lortu ez den bizikidetzari buruzko akordioa lortzea, EH Bilduk "zoru etikoa" deiturikoa onartzeari uko egin diolako.

Hori lortzeko, Gogora Institutuak abantaila bat du: bere organoetan alderdi guztiek parte hartzen dute, eta Legebiltzarreko lantaldean ez dago PP.

Sailburuak adierazi duenez, "Gogora Institutuak berme politiko handia du bere kontseiluan, eta, gainera, lidergo aitortua du erakundeen eremuan, memoriaren, giza eskubideen eta bizikidetzaren arloetan. Gogora Institutua sendotuta dago eta adostasun publikoko ibilbide garrantzitsua egin du".

Biktimei dagokienez, "lehen maila politikoan eta interes mediatikoan aurrerapen handia egin dela" azpimarratu du. Helburua da terrorismoaren biktimen elkarteekiko eta biktimekiko harreman eta konpromiso publikoari eustea. "Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua da hori lortzeko foroa".

Artolazabalek polizia abusuen biktimen legea "hedatzea" ere jarri du helburutzat, Auzitegi Konstituzionalaren "bermea" jaso ostean.

Ekitaldian, sailburuak Espainiako Gobernuak atzo aurkeztutako memoria historikoaren lege-aurreproiektu berria baloratu du, bereziki, "Euskadin duela bi hamarkadatik egiten ari den lana eredutzat har dezaten, hala nola 36ko Gerrako hobiak desobiratzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Gogora Institutua gaur