Politika -
Kongresua
Kongresuak ez du onartu alderdi independentistak legez kanpo uzteko Voxen proposamena
Alderdi guztiek aurreratu dute ekimen horren aurkako botoa, PPk eta Ciudadanosek izan ezik, abstentzioa eman baitute. Voxen esanetan, "helburua ez da ideiak legez kanpo uztea".
Agentziak | Erredakzioa
Voxek ez du lortu alderdi independentistak legez kanpo uztea helburu zuen lege-proposamena aurrera ateratzea; izan ere, Kongresuan astearte honetan egindako bozketan eskuin muturreko alderdiko diputatuek bakarrik bozkatu dute egitasmo horren alde. Alderdi guztiek aurreratu dute ekimen horren aurkako botoa, PPk eta Ciudadanosek izan ezik, abstentzioa eman baitute.
Ivan Espinosa de los Monteros Vox alderdiko bozeramaileak lege-proposamen hori beharrezkoa dela azpimarratu du Kongresuko osoko bilkuran, bere iritziz, "ezkerrak urteak baitaramatza demokrazia manipulatzen".
"Batasunaren zein EH Bilduren babesean dagoen ETAren terrorismoak, Kataluniako estatu kolpeak edo Ibarretxe Planak ez dute lekurik gure egitura konstituzionalean", azpimarratu du Espinosa de los Monterosek, eta Espainia "nazionalismoetatik babesteko" deia egin du, bere hitzetan, alderdi independentistak "demokraziarekin bateraezinak" direlako.
Hain zuzen ere, ekimen horren bidez alderdien legea erreformatu nahi zuen Voxek, "Konstituzioaren etsaiek arau juridiko gorena ahuldu ez dezaten", alderdi independentistak aipatuz. "Nazionalismoa bateraezina da demokraziarekin", esan du Vox alderdiko bozeramaileak.
Hala, Espinosa de los Monterosen esanetan, lege-proposamen horren "helburua ez da ideiak legez kanpo uztea", baizik eta Konstituzioak bermatzen duen "askatasun espazioa babestea".
Testuinguru horretan, ekimen hori "gorrotoa sortzen duen makina batek" egin dezakeenaren erakustaldia dela erantzun du PSOEk. Ildo horretatik, sozialistak Konstituzioaren alde agertu dira, "denak babesten gaituelako, baita Vox bera ere, Karta Magnaren etsai argia den arren".
PPren izenean, Jose Antonio Bermudez de Castrok ohartarazi du bere alderdiak ezin duela alderdi independentista guztiak legez kanpo utzi nahi dituen proposamena babestu, "independentista izate hutsagatik". "Hori Konstituzioaren aurka doa", nabarmendu du, Espainian edozein proiektu politiko "bide baketsuaren bidez" defenda daitekeela gogoraraziz.
Gauzak horrela, Esquerrako ordezkariak zein CUPeko, EH Bilduko, EAJko, BNGko, Mas Pais eta Compromiseko ordezkariek Voxen ekimenak ekarriko lukeena azpimarratu dute: Euskadin edo Katalunian gehiengoa osatzen duten alderdien pentsamendua eta ideiak legez kanpo utziko lituzke.
EAJren izenean, Aitor Estebanek honela laburbildu du Voxen ikuspuntua: "Nazionalismo oro bateraezina da demokraziarekin, haiena izan ezik, noski". "Francok ezin izan zuen euskal abertzaleen ahotsa isildu, ez duzue orain egingo", ohartarazi du Estebanek.