Politika -

Lege dekretu berria

Udalek beren superabitaz baliatzeko aukera izango dute, azkenik

Espainiako Gobernuak erabaki du gastu araua behin behinekoz etetea 2020rako, dekretu berri baten bidez, baina ez dute udal soberakinen gaineko neurririk hartuko.

Bilboko udaletxea. Argazkia: Juantxu Aberasturi
Udalek beren superabitaz baliatzeko aukera izango dute, azkenik
Bilboko udaletxea. Argazkia: Juantxu Aberasturi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ogasun Ministerioak astelehen honetan iragarri du lege dekretu berri bat onartuko duela, udalek koronabirusaren krisiari aurre egiteko baliabide gehiago izan ditzaten. Besteak beste, erabaki dute gastu araua behin behinekoz etetea 2020rako. Horrek 3.000 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izango du. Alabaina, ez dute udal soberakinen gaineko neurririk hartu, "akordio faltagatik".

Iragan ostegunean oposizioak atzera bota zuen Espainiako Gobernuaren udal soberakinei buruzko dekretua. Horren helburua zen udal "geldikinak" Estatuaren esku uztea. Proposamenak, baina, PSOE, Unidas Podemos eta Teruel Existeren babesa soilik jaso zuen.

Dekretu berriarekin lortu nahi dutena da indargabetuta geratu ziren neurrien % 85 berreskuratzea, Maria Jesus Montero Gobernuko bozeramaileak La Sexta telebista kate espainiarrean egin dituen adierazpenen arabera.

Era berean, Monterok adierazi du 2021rako ere eten nahi dutela gastu araua, baina oraindik ez dutela horretan arreta jarriko, eta "akordiorik ezean" soberakinen gaineko neurririk ere ez dutela hartuko.

Dekretu berrian jasotzen diren neurriak

Zehazki, esan bezala, 2020rako gastu araua etetea ahalbidetuko du dekretu berriak. PPren gobernuak adostutako Aurrekontuen Egonkortasunerako Legean jaso zuten arau hori 2012an, eta harrezkero udalek ezin izan dute beren superabitaz baliatu, zorrak edota banku-gordailuak amortizatu behar izan dituzten kasuetan salbu.

Udal soberakinak

Azkenik, Ogasunak onartu du egitasmo horrek ez duela udal soberakinen gaineko neurririk hartuko, eta atsekabetuta agertu da Montero, Kongresuan, oposizioak atzera bota zuelako "geldikien" dekretua, hots, "egiturazko arazo konplexu baten irtenbidea izan zitekeen egitasmoa". Edozein modutan, Ogasunak aitortu du horrek ez duela eragotzi behar udalei mesede egingo dieten beste premiazko neurri batzuk aurrera ateratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Koronabirusa