Politika -
2021EKO ESTATUKO AURREKONTUAK
EH Bildu prest agertu da Estatuko aurrekontuak negoziatzeko
Negoziazioetan, baina, hiru "irizpide" jarriko dituzte mahai gainean: lurraldetasunarekin lotutako eztabaida konpontzea, gizarte politikak sustatzea eta espetxe-politikan aldaketak bideratzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi prest agertu da Estatu espainiarreko 2021eko aurrekontuak negoziatzeko, eta, hala badagokio, horiek adosteko.
Otegik prentsaurrekoa eman du EH Bilduren Mahai Politikoaren bileraren ostean, Mertxe Aizpurua diputatuarekin batera. Azken honek bilera telematikoa izan zuen Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin irailaren 3an, eta Carmen Calvo presidenteordearekin bilduko da datorren astean.
Izan ere, Gobernua osatzen duten alderdiekin negoziatzeko eta aurrekontuak aurrera atera ahal izateko akordioak erdiesteko asmoa erakutsi du koalizio abertzaleak. Halere, argi utzi dute negoziazio horietan hiru irizpide jarriko dituztela mahai gainean: lurraldetasunarekin lotutako eztabaida konpontzea, gizarte politikak sustatzea eta espetxe-politikan aldaketak bideratzea.
Otegiren hitzetan, Estatu espainiarrak ezohiko egoera bizi du pandemiaren eraginez, eta horrek ondorio sozial eta ekonomikoak ekarri ditu, "COVID-19ak aspalditik zetorren krisia larriagotu baitu". Ildo horretan, Otegik uste du aurrekontuen negoziazioan ere, pandemiari eta berorren ondorioei aurre egitea dela lehentasuna.
"Jendearen interesak erdigunera eramatearen aldeko apustua egingo dugu, aurrekontuen eztabaidan ere", nabarmendu du.
Nolanahi dela, esan du aurrekontuen negoziazioan "jokoan dagoela" Gobernuaren jarrera zein izango den ezagutzea, alegia, "zentsura mozioa erraztu zuen taldearen barruan" jarraituko duen ala beste "eragile politiko" batzuengana joko duen. "Horrek argituko du zein den Estatu espainiarrak datozen urteetan hartuko duen norabidea", bukatu du.