Politika -
Bake prozesua
Foro Soziala ETAko zazpi biktimarekin bildu da haien kezkak jasotzeko
Hitzorduaren helburua “egungo zein etorkizuneko erronken inguruan biktimen gogoetak, kezkak eta proposamenak jasotzea” izan da.
Agentzia | Erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak eta ETAko zazpi biktima bildu dira larunbat honetan. Xedea biktimen “hausnarketak, kezkak eta proposamenak jasotzea” izan da.
Foro Sozialak ohar batean jakitera eman duenez, bilera Donostiako hotel batean egin dute. Maixabel Lasa eta Maria Jauregui, Juan Maria Jauregui Espainiako Gobernuak Gipuzkoan izan zuen ordezkariaren alarguna eta alaba, hurrenez hurren; Josu Elespe, Froilan Eslepe Lasate-Oriako alkateorde sozialistaren semea, eta Naiara Zamarreño, Manuel Zamarreño Errenteriako zinegotziaren (PP) alaba, batzarrean izan dira.
Era berean, Gorka Landaburu kazetariak eta Alberto Muñagorrik bileran parte hartu dute. Biak erasoetatik onik atera ziren. Azkenik, Iñaki Garcia Arrizabalaga, Juan Manuel Garcia Corderoren semea, ere batzarrean izan da. ETAk Garcia Cordero 1980an hil zuen.
Foro Sozialaren aldetik, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Sare, Etxerat, Paz con Dignidad, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Egiari Zor elkarteetako ordezkariek parte hartu dute hitzorduan. Bilera iragan martxoan egitekoak ziren, baina konfinamenduak atzeratu zuen.
Oharraren arabera, hitzorduaren helburua “egungo zein etorkizuneko erronken inguruan biktimen gogoetak, kezkak eta proposamenak jasotzea” izan da.
Parte hartu duten biktimen “eskuzabaltasuna” eskertu dute Foro Sozialeko ordezkariek. “Elkarrizketa zintzo, sakon eta aberasgarri batean hausnarketa propioak” egin dizkietela erantsi dute.
“Herri honek azken urteetan elkarbizitza demokratiko baterako eraikuntzan pauso garrantzitsuak eman ditu, baina oraindik pauso gehiago eman behar dira; horretan ados agertu dira guztiak”, ziurtatu dutenez.
“Prozesuan biktimen ekarpena” azpimarratu du Foro Sozialak, “oso garrantzitsua delako, eta izango delako”. Bileran “jasotako ekarpenekin” dokumentu bat idatziko du Foro Sozialak, erakundeei eta eragileei bidaltzeko.