Politika -
Ustelkeria PP-n
20 bat enpresaren legez kanpoko diru-laguntzak jaso zituen Alderdi Popularrak
Horien artean daude Mercadona, FCC taldea edo Ignacio Ugartetxe euskal enpresaria. Ordainketa gehienak hauteskunde garaian egin ziren, kontratu publikoak lortzeko asmoarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Delitu ekonomikoak eta fiskalak ikertzen dituen Poliziaren unitatearen arabera, 20 bat enpresaren legez kanpoko diru-laguntzak jaso zituen Alderdi Popularrak bere hauteskunde-kanpainak ordaintzeko, eta trukean kontratu publikoak lortzeko.
Enpresa horien artean, Mercadona, FCC taldea eta OHL konpainia daude. Ignacio Ugartetxe euskal enpresaria eta Athleticeko presidente ohia ere ageri da zerrenda horretan.
Poliziak 2019ko abenduan egindako ikerketaren arabera, PPren B kutxara egindako diru-emateak hauteskunde garaian egin ziren.
Mercadonak, guztira, 240.000 euro eman zizkion. Bi ordainketa egin zituen 2004an eta 2008an. Urte horietan hauteskunde orokorrak, Andaluziakoak eta Europakoak egin ziren.
FCC taldeak 195.000 euro eman zituen 2001ean eta 2008an; eta Juan Miguel Villar Mirrek zuzentzen zuen OHL enpresa eraikitzaileak 530.000 euro eman zizkion PPri, 2004an, 2006an eta 2008an egindako ordainketen bidez.
Gurtel auziaren baitan, Francisco Correak eman zuen informazioaren ondotik abiatu zuen Poliziak aipatu enpresen inguruko ikerketa.
Polizia hainbat dokumentu aztertzen ari da: Punica, Lezo eta Kitchen auzikoak, hain zuzen ere. Lehendabiziko bi kasuetan Madrilgo PPren buruzagiak daude inputatuta; eta hirugarrena, Luis Barcenasi egindako espioitzari buruzkoa da. Azken auzi horretan Mariano Rajoyren Gobernuko goi-karguak daude seinalatuta, tartean Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia.
Poliziaren iritzian, enpresek helburu argi batekin ematen zuten dirua: PPk gobernatzen zuen lurraldeetako administrazio publikoetako goi-karguekin harremanetan jartzeko eta haien bidez kontratu publikoak lortzeko, hain zuzen ere.
Hauek dira PPri legez kanpoko diru-laguntzak emate egotzita Poliziaren txostenean ageri diren konpainiak eta enpresaburuak: Aldesa, Asedes, Assignia-Hispanica, Azvi, Bruesa, Copasa, Cyopsa-Sisocia, Copisa, FCC, Ignacio Ugarteche, Jose Antonio Romero Polo, Jose Luis Moreno, Luis Galvez, Pilar Pulido, Mercadona, Licuas y Desprosa, Obrascon Huarte, Construcciones Rubau, Grupo Sacyr eta Grupo Empresarial Sando.