Politika -
Idoia Mendia
"Transferentzien egutegia eguneratu egingo da, baina borondatea argia da"
Bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren iritziz, Eusko Jaurlaritzari hasiera emanda, "orain PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan duen ikusgarritasuna handiagoa da".
Radio Euskadi | Erredakzioa
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan adierazi duenez, "orain PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan duen ikusgarritasuna handiagoa da". "Bide orri argi" batekin Gobernu "indartsu" bat sendotzea da euskal sozialisten helburua: "Gure presentzia gobernu programa da".
"Elkarrizketa amaitu bezain laster Lakuara noa sindikatu eta enpresaburu guztientzako deialdia prestatzera eta ahalik eta lasterren elkartzera", aurreratu du Idoia Mendiak, eragile sozial eta ekonomikoekin "hitzartzearen" aldeko apustua nabarmenduz. "Elkarrizketa sozialerako mahaia Gobernuaren ildo estrategikoetako bat da", adierazi du. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, lehendakariordeak ez die erantzun nahi izan LABen atzoko abisuei ELAren eta LABen gehiengo sindikalak errespetatzeko eskatuz; izan ere, ez dira elkarrizketa sozialerako mahaira joaten, Mendiak behin eta berriz azpimarratu duenez: "Nire eskua luzatuta dago. Sindikatuekin eta enpresariekin adostasun sozialean sinesten dut".
"Langabezia % 10era jaistea da helburua", adierazi du, eta horretarako hiru kolektibotan "jarriko du arreta": emakumeak, gazteak eta 45 urtetik gorakoak.
Bestalde, transferentzien egutegiaren datak eguneratu egingo direla onartu du lehendakariordeak. Azken egutegia otsailekoa da, pandemiaren aurrekoa, eta horrek aurreko hilabeteetarako aurreikusitako elkarrizketak aldatu ditu.
"Datak aldatu egin beharko dira, agertokia aldatu egin delako eta egutegia eguneratu egingo delako, baina Espainiako eta EAEko gobernuen borondatea argi dago. Transferentzia guztiak landuko ditugu Estatutua pixkanaka amaitzeko", azpimarratu du.
Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeagatik egindako gaitzespen feministei dagokienez, Mendiak errespetatu egiten dituela esan du, baina kritikek "gai izan beharko lukete gobernu honen politika publiko guztiak zeharka ari direla berdintasunaren alde zuzentzen ikusteko" uste du.
"Ulertzen ditut haien iritziak, baina lasaitasun mezu bat. Urkullu lehendakariak berdintasun politikek asko pisatzen dutela bere erabakietan erakutsi du. Eman diezagutela konfiantzazko boto bat. Jakina, nire sailean berdintasuna izango da politiken bektorea", emakumeen enpleguari lehentasuna emanez, izan ere, gogorarazi duenez, "krisietan lana galtzen duten lehenak dira".
Azkenik, ETAko preso baten heriotza deitoratzeagatik Sanchez presidenteari egindako kritikei buruz, Mendiak espetxe politikak ez duela "titularrik izan behar" esan du.
"ETAko preso asko hurbildu dira Euskal Herrira, euren familiengandik eta ingurukoengandik gertu egotea ona dela uste dugulako, eta hori euren gizarteratzerako ona dela uste dugulako, egindako mina aitortuz", ondorioztatu du.