Politika -

Espetxe politika

Presoen auzian Sanchezek "ekintzetara" pasatu behar duela adierazi du Iriartek

Bestalde, Gonzalez Solaren inguruan Sanchezek egindako adierazpenak balioztatu ditu: "Horrelako adierazpen bat egin duen Espainiako Gobernuko presidente bakarra da, eta balio bat duela uste dut".

Maddalen Iriarte. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Maddalen Iriarte
Presoen auzian Sanchezek "hitzetatik ekintzetara" pasatu behar duela esan du Iriartek

2:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ignacio Gonzalez Sola ETAko presoaren heriotzaren inguruan egindako adierazpenak balioztatu ditu, baina "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatu dio. Ikerketen arabera, Gonzalez Solak joan den astean bere buruaz beste egin zuen Martuteneko espetxeko ziegan.

Iriartek ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Sanchezek ETAko presoaren heriotza "erabat" deitoratzen zuela esan zuen asteartean Senatuko osoko bilkuran. "Horrelako adierazpen bat egin duen Espainiako Gobernuko presidente bakarra da, eta balio bat duela uste dut", ziurtatu du.

Nolanahi ere, EH Bilduko buruaren esanetan, "hitzetatik ekintzetara pasatzea da orain kontua". Haren esanetan, "bederatzi urte dira ETAk su-etena ezarri zuenetik, bi urte desagertu zenetik, eta hamar Aieteko Akordioa sinatu zenetik, non Alderdi Sozialista ere egon zen, eta bada garaia espetxe politikan urratsak emateko".

Zentzu horretan, Gonzalez Solaren heriotza "saihestu ahal izan zen, zigorraren hiru laurdenak beteta zituelako, eta mundu guztiak zekien gaixo zegoela, beste bi saiakera egin baitzituen".

Presoen lekualdaketa

"Bada garaia salbuespen eta mendeku politika bertan behera uzteko, presoak Euskal Herrira ekartzeko eta hiru laurdenak bete dituztenak eta adinekoak aske uzteko. Uste dut, edozein gatazkatan presoen auzia sakon jorratu den bezala, hemen ere gauza bera egin behar dela. Presoen gaia bizikidetzan aurrera egiteko ere jorratu behar dela iruditzen zait", ziurtatu du.

Azkenik, presoen hurbiltzeari dagokionez "mugimendu batzuk" egon direla onartu ostean, "Euskal Herriko kartzeletan egon behar dutela uste dut, askoz pauso gehiago eman behar direla eta salbuespeneko espetxe politika desagerrarazi", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte Espetxeak