Politika -

Manifestazioak

Espetxe politika aldatzeko eskatu dute milaka lagunek Bilbon eta Baionan

Sarek deituta, Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza salatu dute, "salbuespen legediak hiltzen du" leloarekin.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: Efe
Bilboko manifestazioa. Argazkia: Efe
Gonzalez Sola presoaren heriotza salatu dute milaka pertsonak Bilbon eta Baionan

2:10

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek manifestazioa egin dute igande honetan Bilbon eta Baionan, Igor Gonzalez Sola ETAko presoaren heriotza salatzeko eta "salbuespenezko eta mendekuzko" egungo kartzela politika alda dezatela eskatzeko.

Bilboko manifestazioa Moyua plazatik abiatu da, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Ordezkaritzaren egoitza dagoen lekutik, eta hiru ilaratan banatuta egin dute erdigunetik Plaza Berriarainoko bidea segurtasun distantziak mantentzen, "salbuespen legediak hiltzen du" leloa zuen pankarta batek eta presoen hurbilketa eskatzen zuen beste batek atzean.

Sarek deitu du manifestazioa, eta presoen aldeko beste erakunde batzuek ere bat egin dute deialdiarekin; izan ere, Gonzalez "urruntze politika gehien pairatu zuen presoetako bat" izan zela salatu dute, eta "legedia arrunta aplikatu izan balitzaio, bere eskubideak errespetatuz, bizirik” legokeela gaineratu dute.

Inaxio Oiartzabal Sareren ordezkariak esan du “kartzela politikaren porrotaren” erakusgarri dela Solaren heriotza, eta “salbuespen legediaren” aldaketarako garaia dela. Horren harira, bide horretan lan egiteko eta denek eskaera horrekin bat egiteko deia egin die eragile guztiei.

Mobilizazioarekin bat egin dute EH Bilduko hainbat ordezkarik, hala nola, Maddalen Iriartek. "Mendekuzko eta indarkeriazko espetxe politika amaitu" behar dela adierazi du. Euskal preso guztiak kartzeletatik ateratzeko lan egin beharra ere aldarrikatu du, "bizikidetzaren bidean" aurrera egiteko helburuarekin.

Sortutik, Arkaitz Rodriguezek azpimarratu du Igor Gonzalezena ez dela “heriotza naturala izan”, eta saihestu egin zitekeela “zigorraren hiru laurdenak bete zituelako eta gaixo zegoelako". Horregatik, heriotzaren erantzule egin ditu Espainiako Gobernua eta espetxe politika horri eusten laguntzen duten alderdi guztiak.

Era berean, ELAko eta LABeko buruzagi sindikalek Espainiako Gobernuari eskatu diote alda dezala ETAko presoei ematen dien tratamendua: "Krudela eta ankerra, Igorren bizitza aurretik eraman duena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Presoak Baiona Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Espetxeak Azken ordukoa Bizkaia Iparraldea berriak Euskal Autonomia Erkidegoa