Politika -
MANIFESTAZIOAK
Gonzalez Sola presoaren heriotza salatuko dute Bilbon eta Baionan
Presoaren heriotza gaitzesteko mobilizazioekin bat egin dute alderdi politiko, sindikatu eta talde sozial anitzek. Gonzalez Sola hilik topatu zuten bere ziegan, Martuteneko espetxean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza gaitzesteko manifestazioak deitu dituzte igande honetarako Bilbon eta Baionan Sare eta Bake Artisauak herri-plataformek. Bilboko hitzordua 12:00etan izango da, Moyua Plazan; Baionan, berriz, Espainiako kontsulatu parean egingo dute elkarretaratzea.
Gonzalez Sola ETAko presoa hilda topatu zuten Martuteneko bere ziegan, ostiral arratsaldean. Alderdi politiko, sindikatu eta talde sozial anitzek gaitzetsi dute heriotza, mobilizazioekin bat egin dute.
Erreakzioak
"Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu du Sarek aspalditik", adierazi du Sare plataforma herritarrak ohar batean. "Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte", erantsi du.
"Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea", ohartarazi du presoen eskubideen aldeko plataformak.
Antzeko adierazpenak egin ditu Egiari Zor Fundazioak. "Indarkeriak hamarkada luzez eragindako ondorioak gainditzeko, hilketa, min eta sufrimendu gehiago eragiteari utzi behar diote", azaldu du.
Etxerat elkarteak ere salatu du gertatutakoa, eta Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. "Sakabanatze-politikak beste biktima bat eragin du. Guztira 22 pertsona hil dira espetxean, medikuen laguntza ezaren, salbuespeneko espetxe-politikek eragindako muturreko bizi-baldintzen eta euskal preso politikoek duten presio jasanezinaren ondorioz", salatu dute ohar batean.
Bestalde, Foro Sozialaren hitzetan, "premiazkoa da euskal presoen auziari irtenbide oso bat emateko urratsak ematea, akordioak behar beste eraikita baitaude". "Horiek garatzeko eta aurrera eramateko planak beharrezkoak dira", ondorioztatu du, "elkarbizitza demokratikorako ekarpena litzateke hori konpontzea".
Eusko Jaurlaritzak ere uste du espetxe politika "humanizatu" egin behar dela eta "euskal gizartearen egungo errealitate berrira zein erronka berrietara egokitu" behar dela.
Protesta Bilbon
Bestalde, Igor Gonzalez Sola presoaren heriotzagatik protesta egiteko Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren aurrean bildutako hainbat pertsona identifikatu zituen atzo Ertzaintzak Bilbon, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Hainbat lagunek osatutako talde batek elkarretaratzea egin zuen Gobernu Ordezkaritza parean, Bilboko Moyua Plazan, presoaren aurpegia ikus zitekeen pankartak zeramatzatela. Hainbat minutuz errepidean eserita egon ziren, eta trafikoa etenda egon zen. "Gonzalez Sola gudari" bezalako oihuak entzun diren.
Ertzaintzak bertaratu zen, eta hainbat pertsona identifikatu zituzten, aurrez jakinarazi gabeko protesta egiten ari zirela eta. Berehala sakabanatu ziren protestariak.
Handik gutxira, ehunka lagunek hartu zuten parte Bilbo Alde Zaharrean egin zen manifestazioan, eta Donostian eta Durangon ere elkarretaratzeak egin zituzten.