Politika -

Presidenteen Biltzarra

Urkulluk aurrez aurreko hezkuntza defendatu du; Chivitek, kontziliazioaren garrantzia

Biek ala biek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak luzatzearen alde egin dute, bereziki krisiak jota dauden sektoreetan eta COVID-19aren pandemiari irtenbide bat eman bitartean.

Urkulluk aurrez aurreko hezkuntza defendatu du; Chivitek kontziliazio neurri gehiago. Argazkia: EFE
Urkulluk aurrez aurreko hezkuntza defendatu du; Chivitek kontziliazio neurri gehiago
Urkulluk aurrez aurreko hezkuntza defendatu du; Chivitek kontziliazio neurri gehiago. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzak modu "ordenatuan, prebentiboan eta jasangarrian" antolatu duela eskolako itzulera, aurrez aurreko hezkuntza "nahitaezkoa" delako.

Ostiral honetan Presidenteen Biltzarrean hartu du parte Urkulluk, telematikoki, eta ikasturte berriari buruz jardun du batik bat, gaurko hitzorduan. Izan ere, koronabirusaren pandemia dela eta, egoera ezohikoa biziko dute ikastetxeek, ikasturte hasieran.

Abuztuan izan zuten azken bilera Errioxan. Orduan, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin eta gainerako autonomia erkidegoetako presidenteekin bildu zen lehendakaria, aurrez aurre, alarma egoeran izandako bideokonferentzien ondotik.

Ostegunean hirugarrenez lehendakari aukeratu ostean, Urkulluk, besteak beste, "osasunaz" hitz egin du gaur, eta "kolapsoa" saihesteko neurriak aldarrikatu ditu. "Uneoro ari gara kutsatuta dauden pertsonen ingurua aztertzen. Geroz eta PCR proba gehiago egiten ditugu", adierazi du.

Bestalde, Euskadik ekonomia eta enplegua sustatzeko plan bat duela ekarri du gogora. Zentzu horretan, berretsi du beharrezkoa dela aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak luzatzea, eta bereziki egoera "larrian" dauden sektoreei (aeronautikoa, automozioa eta makina-erreminta) laguntzea.

Chivitek kontziliazio neurriak eskatu ditu

Maria Chivite Nafaroako Gobernuko presidenteak baieztatu du ikasturte berrian "etorkizuna dagoela jokoan". Horregatik, alderdi politikoei, gizarteari, erakundeei eta agente ekonomiko eta sozialei eskatu die guztiek "norabide bera" hartzeko.

Presidenteen Biltzarra bukatutan egindako agerraldian, Chivitek esan du egungo egoera honetan "ez direla estrategikoki egindako blokeo jarrerak ulertuko". "Hau guztia ondo atera behar da, baina ez Nafarroako Gobernuari loreak botatzeko, Nafarroak erkidego gisa aurrera egiteko eta gazteei ziurtasuna emateko baizik", nabarmendu du.

Ildo horretan, garrantzia eman dio Nafarroa berraktibatzeko abiatuko duten planari eta Europatik jasoko dituzten funtsei.

Osasun egoerari dagokionez, kutsatzeak gutxitzea jarri du lehentasun gisa. "Garaiz gaude kutsatzeak eteteko. Kontrara, osasunean eta gizartean ondorio larriak ekarriko ditu, neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugulako. Horrek, gainera, "bizitza pribatuan zein arlo ekonomikoan izango du eragina", ohartarazi du.

Horregatik, arduratsuak izateko eskatu die nafar guztiei, administrazioek eta Gobernuak horretan duten erantzukizuna ahaztu gabe.

Halaber, lan eta familia kontziliazioa hobetuko dituzten ezohiko neurriak hartzeak duen garrantziaz mintzatu du, ikasturte berriari buruz aritu denean.

Bestalde, Urkullu bezala, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak luzatzearen alde azaldu da, "krisiak jota dauden sektoreetan; hau da, ostalaritzan, bereziki".

Eskaera horiek Presidenteen Biltzarrean hizpide izan dituen hiru gaiekin lotuta egin ditu: egoera epidemiologikoa, eskolako itzulera eta Europako funtsak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza María Chivite Koronabirusa