Politika -
Inbestidura saioa
Krisian Urkulluri laguntzeko prest badago ere, PP+Csk ez du estatus berria babestuko
Bozketan abstenitu egingo direla ziurtatu du Iturgaizek. Bestalde, egungo gobernuaren kudeaketa kritikatu du, baina oposizio gisa duten erantzukizunaren jakitun dela azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19aren krisiaren aurrean laguntza eman eta akordioak bilatzeko prest dagoela esan dio PP+Cs koalizioaren presidente Carlos Iturgaizek EAJren hautagai Iñigo Urkulluri, ostegun honetan egin duten inbestidura ekitaldian. Aitzitik, argi utzi dio ez duela "estatus berria" aurrera eramateko babesik jasoko.
Arratsaldeko saioan alderdiek izan duten tartean hartu du hitza Iturgaizek. Goizean, berriz, Iñigo Urkullu (EAJ) eta Maddalen Iriarte (EH bildu) hautagaien agerraldiak izan dira Legebiltzarrean. Gaur bertan, lehendakari izendatuko dute Urkullu, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako itunari esker. Horrekin, gehiengo osoa baitute Legebiltzarrean.
Esan bezala, Urkulluk goizean egindako adierazpenei erantzuten saiatu da arratsaldeko lehen orduan Iturgaiz. Aldiz, Iriarteri erantzuten "denborarik galduko ez duela" esan du hizketan hasi bezain pronto, "demokrazian zilegi den gutxieneko hori betetzen ez duelako, hots, ez delako ETAren indarkeria gaitzesteko gai izan".
Urkulluren aldeko botorik emango ez dutela ziurtatu ostean, eta EAJ-PSEk egindako kudeaketarekin haserre dagoela adierazi arren, Iturgaizek nabarmendu du jakin badakitela oposizio gisa "krisi honi aurre egiteko erantzukizuna" dutela.
Horregatik, akordioetara iristeko prest azaldu da, "betiere euskal herritarren agendari lehentasuna ematen badiogu".
"Gure asmoa pandemiari aurre egiteko akordioak bilatzea eta krisi honek ekarri dituen ondorio ekonomiko eta sozialekin amaitzea da. Horretarako, nire laguntza eskaini nahi dizut", esan dio Iturgaizek Urkulluri. Irtenbide gisa, "itun fiskala" negoziatzea proposatu dio, "familiei, enpresei eta autonomoei" laguntzeko xedez.
Halaber, hezkuntza eta osasun arloak hobetzeko aurrekontuak indartu nahi ditu. "Kontu horietan laguntzeko prest gaude", azpimarratu du.
Nolanahi dela, Urkulluri ohartarazi dio ez duela "Konstituzioa hausteko agertokietan" pare hartuko.