Politika -

Memoria Historikoa

Servini epaileak gaur galdekatuko du Martin Villa frankismoko krimenengatik

Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiek publikoki babestu dute Martin Villa eta horrek hautsak harrotu ditu.

Rodolfo Martin Villa artxiboko irudi batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Rodolfo Martin Villa artxiboko irudi batean.
Rodolfo Martin Villa artxiboko irudi batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohiak (1976-1979) ostegun honetan deklaratuko du Maria Servini epailearen aurrean, frankismoko krimenak direla eta. Zehazki, bere agintaldian Poliziak egindako 12 hilketa leporatzen zaizkio.

Galdeketa telematikoa izango da. Argentinak Madrilen duen enbaxadatik deklaratuko du Martin Villak, 16:00etatik aurrera.  

Maria Servini epaile argentinarra frankismo garaian eta Trantsizioko urteetan izandako krimenak ikertzen ari da. Martin Villari, besteak beste, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskia –Poliziak bost langile hil eta ehun bat lagun zauritu zituen- eta 1978ko sanferminetan Poliziak German Rodriguez hil izana egozten diote.  

Deklaratu aurretik, Rodolfo Martin Villak Espainiako Gobernuko presidente ohien eta hainbat buruzagi sindikal ohiren babesa jaso du, eta horrek hautsak harrotu ditu.

Besteak beste, Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy presidenteek adierazpen bana argitaratu dute Martin Villaren ibilbide politikoa publikoki babesten dutela nabarmenduz. Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politika eta Segurtasun goi-kargudunak ere hala egin du.

Argentinako Kereilaren Aldeko eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Espainiako plataformak (besteak beste, Martxoak 3 eta 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak daude bertan) salatu du ekimen hori Servini epaileari "presio egiteko mugimendu lotsagarria" dela. "Ikuspuntu juridikotik eta demokratikotik onartezina da", erantsi dute.

Ezker Batuak ere gogor kritikatu ditu Espainiako Gobernuko lau presidente ohiak, eta beren agintaldietan "frankismoaren inpunitateari eutsi izana" aurpegiratu die.

LAB sindikatuak azpimarratu du "Rodolfo Martin Villa bezalako faxistek egindako ordaindu arte" lanean segituko dutela. Ildo horretan, esan du 1976ko martxoaren 3ko sarraskian hildako langileentzat eta zauritutako ehun lagunentzat "justizia eta erreparazioa" eskatzen jarraituko duela orain arte egin bezala.

Horrez gain, Nicolas Redondo, Candido Mendez, Antonio Gutierrez eta Jose Maria Fidalgo UGTko eta CCOOko buruzagi ohien jarrera salatu du, Martin Villa publikoki babestegatik.

Martin Villak jasotako babes politikoa Europako Batzordean salatu dute EAJk eta EH Bilduk

Bestalde, hainbat eurodiputatuk, tartean Pernando Barrenak eta Izaskun Bilbaok, Europako Batzordera jo dute Josep Borrellek Franco diktadorearen ministro bati babesa agertu diolako azalpenak eskatuz.  

EH Bilduk jakinarazi duenez, hauek dira Europako Batzordeari igorritako adierazpena sinatu duten europarlamentariak: Pernando Barrena, Diana Riba i Giner, Jordi Sole, Carles Puigdemont, Clara Ponsati, Antoni Comin, Izaskun Bilbao, Ernest Urtasun, Miguel Urbán, Manu Pineda eta Sira Rego.

Borrellek "frankismoko krimenengatik auzipetuta dagoen ministro frankista bati" babesa eman diola ba ote dakien esateko eta babes hori "Europako Parlamentuak onartutako ildo estrategikoarekin" bat datorren argitzeko eskatu diote Europako Batzordeari.   

Ildo horretan, sinatzaileek gogora ekarri dute Europako Parlamentuak 2018ko urriaren 25ean, neofaxismoak Europan izandako gorakadaren harira onartutako ebazpenaren 30. puntuan esandakoa: "Iraganeko krimen faxistak gaitzetsiko dituen memoria komuna bultzatuko dugu".  

Halaber, Europako Batzordeak berak ere Europan memoria historikoa sustatzeko programa bat jarri zuela martxan gogoratu dute. 

Iruñean egindako elkarretaratze batean, Martin Villa eta frankismoa epaitzea eskatu dute

Oroimen historikoaren aldeko Nafarroako hainbat talde, politikoko eta ordezkari bildu dira, ostegun honetan, Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean, Martin Villa eta frankismoa epaitzea eskatuz. 

Elkarretaratzeak bat egin du Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohiak Maria Servini epaile argentinarraren aurrean egin beharreko adierazpenen egunarekin. Estatuko Segurtasunak 12 pertsona hil izana egozten zaio, urte horietan (1976-1979), bera baitzen sail horren buru.

"Aurerrapausu" gisa definitu dute Argentinan Martin Villaren aurka irekitako auzia "salaketek eta errepresaliatuen iloben jarraipen lanak" ahalbidetu baitute bidea ireki izana.

Bestalde, Nazio Batuek frankismoko krimenen aurrean bere inpunitatea gogor krikatu duten arren, epaileak honen aurrean aurkeztutako helegite guztiei uko egin die. Hortaz, Argentinako helegitea da penalki irekita dagoen bakarra.

Azkenik, Martin Villak Euskal Herrian "hainbat auzi" dituela azpimarratu dute; horien artean, Gasteizkoa, Montejurrakoa edota 78ko San Ferminetakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Maria Servini Eguneko albisteak Albisteak Martxoak 3 Frankismoa Argentina Memoria Historikoa