Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Lehendakariak Legebiltzarrean eztabaidatu nahi du zerga sistema

Lehendakariak iragarri du gastu arrunta eta laguntzak murriztuko dituztela, eta ondasunen gaineko zerga enplegu programetara bideratuko dutela.

Patxi Lopez lehendakaria, gaurko saioan. EFE
Patxi Lopez lehendakaria, gaurko saioan. EFE
Patxi Lopezek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu nahi du fiskalitatea

01:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du "beharrezkoak diren erabakiak" hartuko dituztela enplegua sustatzeko programak finantzatzeko, eta, beraz, gastu arrunta eta diru-laguntzak murriztuko dituztela, "premiazkoa eta beharrezkoa ez dena" etorkizunerako utzita.

Horren ildotik, ondasunen gaineko zerga berreskuratzen badute, diru-bilketan Eusko Jaurlaritzari dagokion zatia enplegu programetara bideratuko dutela aurreratu du.

Politika orokorreko eztabaidan egindako hitzaldian, Lopezek ohartarazi du krisia ez dela amaitu, eta oraindik "esfortzu asko" egin behar direla. Izan ere, diru-bilketen aurreikuspenak ez dira bete eta Rover auziko epaiak agindutakoa ordaindu behar da.

Horrenbestez, gastu arrunta eta diru-laguntzak murriztu ez ezik, hainbat administraziotan bikoiztuta dauden proiektuen eta zerbitzuen finantziazioa ere jaitsi beharko dela esan du.

Lehendakariak azaldu du ikerketa bat egin dutela EAEko erakunde-sarean errepikatuta dauden eta eraginkorrak ez diren kontuei buruz, baina eztabaida atzeratzea eskatu du, hauteskunde giroak ez okertzeko.

Halaber, "premiazkoa" ez dena etorkizunerako uztearen alde egin du: "Lehentasuna zerbitzu publikoei eustea, enplegua sortzea eta ekonomia indartzea da. Gainerakoa gerorako utzi behar bada, utziko da".

Zerga sistema eta langabeziaren aurkako neurriak

Bestalde, zerga eskuduntzak aldundien esku badaude ere, sistemaren etorkizunari buruzko eztabaida Legebiltzarrean egitea proposatu du.

Lopezek gogorarazi du ahaldun nagusiei ondasunen gaineko zerga berreskuratzea proposatu diela, eta azkenean hala egiten badute, diru-bilketan Jaurlaritzari dagokion zatia enplegu programetara bideratuko dutela aurreratu du.

Langabeziaren aurkako borrokari dagokionez, Gasteizko gobernuburuak iragarri du Jaurlaritzak "banan-banan" aztertuko duela langabe guztien egoera, ahalmenak, prestakuntza eta egoera pertsonala kontuan hartuta, "lan edo prestakuntza proposamenak" egiteko.

Lehendakariak hainbat neurri iragarri ditu, hala nola etxean laguntzaileak kontratatzeko laguntzak, langabeziak bereziki astindutako herriei zuzendutako enplegu programak eta atzerriko hizkuntzak ikasteko laguntzak.

Gainera, 2012ko urtarrilaren 1etik Lanbide 08:00etatik 20:00etara izango da zabalik.

150 gonbidatu

Saioan 150 gonbidatu daude, tartean hiru aldundietako ahaldun nagusiak eta Javier Rojo Senatuko presidentea.

Lehendakariaren hitzaldiaren ardatzak ETAren amaiera eta krisia izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak