Politika -

Eusko Jaurlaritza

Koalizio gobernua osatzeko akordioa izenpetu dute Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak

Itunaren nondik norakoak Urkulluk berak azalduko ditu ostegunean, inbestidura saioan.

Ortuzar, Mendia eta Urkullu, sinadura ekitaldian. Argazkia: EFE
Ortuzar, Mendia eta Urkullu, sinadura ekitaldian.
Urkullu, Ortuzar eta Mendiak EAJ-PSE koalizio-ituna sinatu dute

2:33

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak koalizio gobernua osatzeko akordioa izenpetu dute gaur eguerdian. Sinadura ekitaldiaren ondotik, EAJren eta PSE-EEren buruzagiek prentsaurrekoa eman dute, itunaren 100 orrialdeen edukia azaldu ez badute ere. Izan ere, argitu dutenez, Legebiltzarrean ostegunean egingo den inbestidura saioan emango du haren berri Iñigo Urkulluk berak.

Dokumentua ("EAJ-PNV eta PSE-EEren artean ekonomia eta enplegua suspertzeko adostu duten akordioaren oinarriak, zerbitzu publikoak eta gizarte politikak defendatuz, autogobernu zabalago eta hobea oinarri hartuta" izenburuduna) abuztuaren 27an adostu zuten bi aldeen talde negoziatzaileek.

Itunak helburu nagusitzat izango du Euskadiren berregituraketa ekonomiko eta soziala, koronabirusak eragindako krisiaren harira. Horretarako, oinarrizkoak diren zerbitzu publikoak, tartean osasuna, defendatzea eta indartzea aldarrikatuko dute, bai eta "autogobernu gehiago" ere.

Bide horretan, hazkunde jasangarrirako estrategia bat lehenbailehen onartzea adostu dute, langabezia-tasa % 10etik behera kokatzeko. Fiskalitatea ere berrikusiko omen dute. Era berean, legegintzaldi honetan "belaunaldi berri baterako" Estatutu berri bat adosteko konpromisoa hartu dute bi alderdiek.

Ortuzar y Mendia

Ortuzar eta Mendia, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Andoni Ortuzarrek azpimarratu duenez, itunak aukera emango die bi alderdiei koronabirusaren pandemiaren aurkako "borrokari indarberrituta" heltzeko, "Euskadi berriz ere gogor kolpatzen ari den honetan". Oposizioko taldeei ere zuzendu zaie EAJren EBBko presidentea eta egoeraren larriak eskatzen duen "mailan" egoteko galdegin die.

Buruzagi jeltzalea pozik agertu da akordioa "azkartasunez" lortu dutelako: "Beti ez da erraza izaten ezberdinen artean adostea. Zorioneko gaude bizkortasunagatik, baina baita erronkaren handitasunaren aurrean behar den sendotasuna lortzeagatik ere".

Ortuzarrek aitortu duenez, "ez da inposaketarako garaia. Beraz, EH Bilduri, Elkarrekin Podemosi eta PPri eskua luzatzen diegu, elkarlanerako prest".

Mendiak, bestalde, normaltzat jo du Gobernuan sartzea (Patxi Lopezen legealdian bozeramaile eta Justizia sailburu izan zen). "Berritasunik handiena duela lau urtekoa izan zen, alegia, Gobernuan parte hartzeari uko egin nionekoa, nire alderdian ez zelako ohitura bi buruzagiko exekutiboak osatzea", esan du.

"Lan egiteko asmoz sartu naiz Gobernuan", adierazi du. Halere, oraindik ez daki zein sail zuzenduko duen ala lehendakariorde izango den. "Erabaki hau hartu dut koronabirusaren pandemia dela-eta Euskadik bizi duen egoera nahasiagatik", azaldu du.

Mendia sailburu izango da

Ostegunean inbestituko dute Urkullu, lehenengo bozketan, gehiengo osoz, EAJren 31 legebiltzarkideen eta PSE-EEren 10en botoekin. Aurkeztutako beste lehendakarigaia, Maddalen Iriarte (EH Bildu), ez da aurkaria izango, bere koalizioaren botoak baino ez omen dituelako eskuratuko.

Aurreikuspenen arabera, inbestiduraren ostean emango ditu jakitera Urkulluk sailburuen izenak. Gaur jakinarazi dutenez, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Jaurlaritzan parte hartuko du, zein zeregin hartuko duen zehaztu ez badute ere.

Larunbatean egingo du Urkulluk karguaren zina, Gernikako arbolaren azpian, Estatuko Aldizkari Ofizialean bere izendapena iragartzen duen errege dekretua publikatu ondoren.

Ekitaldi hori ez da aurreko urteetakoa bezalakoa izango, pandemia garaian pentsaezina baita Gernikako Batzarretxean jende asko biltzea.

Hurrengo astean jabetuko dira karguaz sailburu berriak, eta asteartean, irailaren 8an, egingo dute lehenengo gobernu bilera, aurreikuspenak betez gero.

Aurreko legegintzaldian, jeltzaleek hurrengo sailak izan zituzten: bozeramaileaz gain, Gobernantza Publikoa eta Autogobernua; Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak; Segurtasuna; Hezkuntza; Osasuna; Enplegua eta Gizarte Politikak; Ogasuna eta Ekonomia, eta Kultura eta Hizkuntza Politika.

Sozialistek, berriz, hurrengoak izan zituzten euren esku: Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa, eta Lana eta Justizia.

Oinarrien babesarekin

Akordioa atzo babestu zuten EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEren militantziak. EAJren Batzarrak atzo arratsaldean egin zuen bilera eta aho batez onartu zuen ituna. Euskadiko Alderdi Sozialistak igandetik atzo arratsaldera arte egindako barne-kontsultan militanteen % 93,15ak eman dio oniritzia akordioari, % 5,65 kontra agertu dira eta % 1,2ak zuriz bozkatu du.

Parte-hartzea % 58,49koa izan da: PSE-EEren 5.115 militanteetatik, 2.992k hartu dute parte galdeketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak