Politika -
Generalitateko presidentea
Lluis Companys oroitu dute naziek Espainiar Estatuaren esku utzi zuten zubian
Kepa Ordoki memoria historikoaren aldeko elkarteak 1936an Irungo Etorbidearen zubitik ihes egin zuten errefuxiatuak ere izan ditu gogoan.
eitb.eus
Lluis Companys Generalitateko presidente ohia oroitu dute Irungo (Gipuzkoa) Etorbidearen zubian, naziek frankisten esku utzi zuten lekuan, 80. urteurrenean.
1940ko abuztuaren 29an, Gestapok Companys eman zion Espainiar Estatuari. Kataluniako herritarrek demokratikoki hautatutako Generalitatearen presidentea zen Companys, eta erbestean bizi zen. Alemania naziak Frantziar Estatuaren erdia zuen okupatuta garai horretan, tartean Hendaia (Lapurdi), eta urtebete lehenago Espainiako Gerra Zibila irabazi zuten frankisten esku utzi zuen Polizia sekretuak Companys. Handik gutxira, Espainiar Estatuak fusilatu egin zuten.
Naziek frankistei Companys eman zuten lekuan, Irun eta Hendaia lotzen duten Etorbidearen zubian, Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko mugan, egin dute Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak antolatutako ekitaldia.
Companysen argazki handi bat jarri dute Frantziar eta Espainiar estatuen arteko muga ere baden zubian, ikurrina baten eta Kataluniako bandera baten erdian.
Txalaparta jo eta Amets Arzallusen bertsoen ostean, Shole Aguirre elkarteko ordezkariak esan du Companys faxismoak fusilatu duen demokrazia bateko gobernuburu bakarra dela, "eta puntu horretara heltzeko Etorbidearen zubia eta Bidasoa ibaia gurutzatzera behartu zuten".
Peli Lekuona ordezkariak zubiaren garrantzia azpimarratu du, "1936ko errefuxiatuak batu zituelako". "Nork esango zuen 36an ihes egiteko erabili zen zubi honetara Lluis Companys iheslari horien babeslea itzuliko zela", gehitu du, eta eskerrak eman dizkio 1936ko Generalitateari errefuxiatuei emandako laguntzagatik.
Elkarteak "ematea egin ahal izateko beharrezkoa izan zen eskualdeko bizilagunen kolaborazioa" salatu du. "Euren eskuak Companysen odolarekin daude zikinduta, eta oroimena atzean izango dute beti", esan dute.
Iragarri dutenez, frankismoak Katalunian epaitutako Bidasoa inguruko 42 herritarren erreparazio juridikoa eskatuko dio Generalitateari elkarteak. Horietako lau, Companys bezala, Bartzelonan fusilatu zituzten.
Parte hartzaileen artean Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Jon Gamboa eta EH Bilduko batzarkide Estitxu Elduaien izan dira, baita Kataluniako Duintasunaren aldeko Batzordeko kideak ere.
Gutun bat Espainiako Gobernuari
Duintasunaren aldeko Batzordeak gutun bat helarazi dio Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroari, fusilatzearen 80. urteurrenean, Gobernuak ekintza hori "onar" dezan.
Komunikatu batean, Companys fusilatu zutela eta Katalunian gerra kontseiluetan 66.000 auzitik gora instruitu zirela onartzeko eskatu diote Exekutiboari.
"Kataluniako presidentearen erreparazioa eskatzen dugu, epai horrekin zigortu zituzten Kataluniako instituzioak eta herria erreparatzeko modu bezala", esan dute.